Enrike Solinisek eta Euskal Barrokensemblek diskoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2017-05-22 13:22   Musikea

El amor brujo, esencias de la música de Manuel de Falla lanean hamar musikarik parte hartu dabe, gitarra jole bilbotarra buru dala.

Diskoan parte hartu daben artistetako batzuk. Ezkerretik hirugarrena da Solinis eta seigarrena, María José Pérez abeslaria | Ikusi handiago | Argazki originala

Antxinako musikea lantzen dauen taldea da Euskal Barrokensemble. Enrique Solinisen gidaritzapean, doinu zaharrak berreskuratu eta gaur egungo publikoari aukezten ibilten dira. Horren erakuskgarri da, esaterako, 2015ean plazaratutako Euskel Antiqva, euskal ondare musikalaren bildumea. Oraingoan, baina, kanpoko konpositore ezagun bat izan da Solinis eta enparauen erreferentzia: Manuel de Falla andaluziarra (1876-1946).

Jordi Savallek bultzatutako Alia Vox diskoetxeagaz atera dau Euskal Barrokensemblek El amor brujo, esencias de la música de Manuel de Falla, hau da, era horretako musikearen alorreko nazinoarteko zigilu ospetsuenetako bategaz. Diskoan 14 abesti datoz: Manuel de Fallaren lan ezagunen moldaketak eta konpositore andaluziarraren gogoko beste artista batzuen piezak, berbarako, Scarlatti napolitarraren eta Joaquín Rodrigo espainiarraren konposizinoak dagoz.

Hamar musikarik parte hartu dabe diskoaren grabazinoan. Enrique Solinisek jo ditu gitarrea eta laut otomandarra eta beragaz batera egon dira Euskal Barrokensembleko kideak. Taldearen nortasunagaz bat eginaz, antxinako tresnak erabili ditue Fallaren musikea joteko: Biolin barrokoa, lirea, sakabutxea eta abar. Horrezaz gan, María José Pérez abeslariaren ahotsa entzun leiteke.

Manuel de Fallaren pieza enblematikoenetako bat, Danza ritual del fuego, sartu dau Euskal Barrokensemblek. Canción de amor dolido eta Pantomima lako beste konposizino ezagun batzuk be badakarz disko barriak. Joaquín Rodrigoren obra ezagunena dan Concierto de Aranjuez be entzun leiteke. Enrique Solinis bera arduratu da piezak aukeratu eta moldatzeaz.

Disko hau, hain zuzen, Manuel de Fallaren jaiotzearen 140. urteurrenagaz bat etorrita atondu dau taldeak (zemendian gogoratu zan urteurrena). Enrique Solinisek eta taldeko biolinistea dan Miren Zeberiok  produzidu dabe. Sevillan eta Mungiako Gaua estudioetan grabau eta editau dabe El amor brujo, esencias de la música de Manuel de Falla.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu