Espresionismo abstraktuari soinu bandea ipiniko deutso Guggenheimek

Dabi Piedra 2017-05-19 12:19   Musikea

Koadroetan ikusten dabenetik abiatuta, jazz musikariek inprobisau egingo dabe gaur Bilboko Plaza Barrian egingo dan saio berezian.

Musikariek agerraldi laburra egin dabe goizean | Ikusi handiago | Argazki originala

Espresionismo Abstraktuari eskainitako erakusketea dago orain Bilboko Guggenheimen. Horregaz lotuta, arte bisuala musikeagaz buztartzeko ahalegina egingo dau museoak, ekimen aitzindari eta barritzailean. Hitzordua gaur, barikua, izango da, Plaza Barrian, 19:30etik 22:00etara. Herritar guztiei zabalik egongo da saioa.

Eszenatokiaren atzean ipinitako pantaila erraldoian, Espresionismo Abstraktuaren maisuek egindako koadroak proiektauko ditue kontzertuan zehar. Pollock, De Kooning, Rothko, Kline, Still, Gorky eta beste hainbaten pinturak izango dira eta horreek ikusita, jazz musikariek doinuak inprobisauko ditue. Artelan bakotxak sortzen deutsien emozinoaren arabera joko dabe musikea.

Lau musikari ibiliko dira zeregin horretan. Ikusleakaz batera, Rothkoren koloretako eremu erraldoietan, Pollocken kaos indartsuan, Willem de Kooningen tonalidade mediterranioetan... bidaiea egingo dabe eta horren arabera moldatuko ditue doinuak eta erritmoak.

Askatasunaren inguruko estilo bi, Espresionismo Abstraktua eta jazza, alkarregaz lotzeko ahalegina izango dala dino Guggenheim Museoak. Formula finkorik bako musikea da jazza, artistearen gogoak agintzen dau. Espresionismo Abstraktuaren bultzatzaileek be askatasun sensazino hori bilatzen eben.

Lucia Aguirre erakusketako komisarioak azaldu dauenez, Espresionismo Abstraktuari soinu banda bat topau behar izan ezkero, hori jazza izango litzateke. Estadu Batuetan sortutako mobimendu artistiko haretako kideek hartu-emon handia izan eben euren sasoiko jazz musikariakaz eta asko musikazale amorratuak ziran. Esan izan da Jackson Pollockek jazza entzuten ebala marraztu bitartean. Hori ez da egia, estudioan ez eukalako argindarrik, baina batzuetan egunak pasetan zituan etxean jazz diskoak entzuten, bolumen handian, aitatu dau Aguirrek. 150 jazz disko eukazan Pollockek. Espresionismo Abstraktuko artista asko jazz klubetako ohiko bezeroak ziran.

Alkarregaz horren ondo buztartzen diran Espresionismo Abstraktua eta jazza, beraz, saio bakarrean disfrutau ahal izango dira. Erakusketea bera, bagilaren 4ra arte egongo da Guggenheimen eta bertako edukiak gizarteratzeko asmoa be badauka kontzertu bereziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu