Balerdi Balerdi taldeak 'Galtzen ikasteko metodoa' diskoa argitaratu dau

Bizkaie! 2017-05-18 12:17   Musikea

Rock estiloagaz batera tonu ironikoa eta jostalaria nagusitzen dira kantu guztietan.

Balerdi Balerdiko lau taldekideak | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamalau abestik osotuten dabe musikari nafarren bosgarren lana. Heriotzea, amesak, etsipenak eta norberaren kontraesanak agiri dira pieza guztietan. Galtzen ikasteko metodoa diskoa edegiten dauen lehen kantuaren izenburua be bada, bilduma osoaren mamina definiduteko modu ironikoa.

Disko barriko musikea Toño Muro taldekideak sortu dau eta kantuen berba gehienak be bereak dira. Horrezaz gan, hiru abestitan Pello Lizarralde idazlearen testuak erabili ditue. Galtzen ikasteko metodoa, diskoari izena emoten deutsana, da Lizarraldek idatzitako bat. Gu eta ni eta Fan fan oso fan dira beste biak.

Balerdi Balerdiren pop-rock eta power pop estiloak indartsu agiri dira bosgarren lan honetan. Askotariko melodiak sartu ditue, baina aurreko lanetako folk-rock ikutua gitxitu egin da. Laukote formatuan grabautako diskoa da: Toño Muro (ahotsa eta gitarrea), Sergio Ibarrola Zara (perkusinoa eta koruak), Petti (gitarrea eta koruak) eta Anxel Iraola (baxua). Lehenengo biak hasikera-hasikeratik dagoz taldean.

Aspalditik oholtzarik oholtza dabil Balerdi Balerdi talde nafar beteranoa. Halandabe, euren ibilbide diskografikoan eten handiak egon dira. Hiru disko plazaratu zituen 1990eko hamarkadan (binilo bat eta CD bi) eta 2012ra arte ez eban beste lanik argitaratu (Hegoko lautadaren ertzetik). Beraz, Galtzen ikasteko metodoa bosgarren diskoa da.

Disko barriko kantuak zuzenean aurkezteko momentua be heldu jako Balerdi Balerdiri. Gaur bertan, eguena, Iruñeko Erraldoien Txokoan joko dabe, Kantu eta Hitza zikloaren barruan. Ondoren, Burlatan izango dira hilaren 20an, zapatuan. Añorgan, Lekunberrin, Ataunen eta abar be joko dabe hurrengo hileetan.

Diskoaren azala. Diseinua Joseba Beramendi, 'Exprai', artistearena da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu