Bizkaiko Taldekako Txapelketako finalaurrekoak hasiko dira asteon
2017-05-17 13:55 BertsolaritzeaHiru kanporaketa izango dira, eta lehenengoa barikuan jokatuko da, Berrizen.
Herririk herri bertsoa eta giro ona eroan ditu Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketako lehenengo faseak. 30 taldek emon dabe izena eta hainbat saiotan parte hartu dabe, zezeilean hasita. Bigarren fasera, hau da, finalaurrekoetara, hamar talde sailkatu dira.
Maiatzaren 19an, barikua, jokatuko da hiru finalaurrekoen arteko lehenengoa. Berrizen izango da, 19:00etan. Tire!, Koipelustre's eta Leioatik Begira taldeek parte hartuko dabe.
Bigarren finalaurrekoa zapatuan, hilak 20, jokatuko da, Ispasterren eta Bedaronan. Kasu horretan, lau talde lehiatuko dira: Iurretako Bertso Taldie, El Consorcio, Santutxuko Bertso Eskolea eta Ipiztar.
Fase hau amaitzeko, maiatzaren 26an, barikua, Bermeon izango da saioa. Hor parte hartuko daben hiru taldeak honakoak dira: Akerbeltzen Antxumak, Itallen eta Buruz Buru.
Saio bakotxeko irabazleek finala jokatzeko txartela lortuko dabe. Bagilaren 3an izango da Taldekako Txapelketearen finala, Markina-Xemeinen. Egitarau biribila egongo da egun osoan: Goizean Eskolarteko Txapelketako finala, eguerdian bazkaria eta arratsaldean Taldekako finala. Ganera, Joxpagaz erromeria antolatu dabe gauerako eta sorpresa ugari egongo dirala aurreratu dau Bizkaiko Bertsozale Alkarteak. Bertsosarrerak atarian salgai dagoz egun horretarako bazkari-txartelak.
Taldekako Txapelketearen bidez, herrialdeko bertsogintzearen oinarrietan eragin gura dau Bertsozale Alkarteak, hau da, herrietan eta eskualdeetan. Gune ludiko bat eskaintzea da asmoa, lagunarteko giroan saioak antolatzeko. Txapelketa handietatik kanpo dagozan bertsolarientzako hitzordu aproposa da. Esaterako, txapelketak itxita daukiezenentzat edo hasibarrientzat.
2015ean hasitako gogoeta prozesua da ekimen barri honen honen abiapuntua. Bizkaiko Bertsozale Alkartearen helburua da, bertsolaritzearen ekosistema osoa eskualdez eskualde elikatzea, baita bertsogintzearen oinarria motibau, finkatu eta garatu be. Bide horretan, taldekako txapelketea lagungarri izango litzatekeela ikusi zan 2015eko gogoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!