Puntukako karneta Txinako gizalegea jagoteko

Zigor Aldama 2017-05-17 08:29   Bidaide

Txinako Gobernuak kreditu sozialaren sistemea sortu dau, uritar onaren puntukako karnetaren parekoa izango dana. Helburua zera da: 1.400 miloe lagunen zintzotasuna sustatzea.

Bidaiarien arteko burruken erruz larrialdiko lur hartzea egin behar daben hegazkinak, naturearen deiak harrapau dituan lekuan bertan bere eginbeharrak egiten dituen umeak edo jazo barri dan istripua telefonoko kamereagaz grabetan daben uritarrak, zaurituak artatu baino lehen. Gizalegearen kontrako jardunaren adibideak ugariak dira Txinan eta merezidutako ospe txarra ekarri deutsie Asiako erraldoiari munduan. Txinako balore etikoak galbidean dirala ezin dau inork ukatu, dino Xu Anqik, Fudaneko Unibersidadeko soziologoak. Indibidualismoaren eta materialismoaren agerpenak, herrialdeko ohiko pragmatismoagaz bat eginik, epe luzeko urtenbideak eskatzen dituen arazo nabarmenak sortu ditu.

Urtenbidea topetea ez da erraza. Aditu gehienen ustez, egokia litzateke hezkuntzearen erreformea egitea, ezagutzak ikastetik harago jo eta alkarbizitza harmoniatsuaren aldeko baloreak bultzatu ahal izateko. Baina horren emoitzak ikusteko belaunaldi asko itxaron beharko da eta Txinako Gobernuak berehala funtzionauko dauen zeozer behar dau. Hartara, agintari komunistek euren ohiko burdinazko eskua erabiltea erabagi dabe eta kreditu sozialaren sistemea sortu, uritar onaren puntukako karnetaren parekoa izango dana. Helburua zera da: 1.400 miloe lagunen zintzotasuna eta gizalegea sustatzea.

Edozein alorretan portaera txarra daukanak penalizazinoa jasoko dau, eta sistema horretako puntuek eragina izango dabe herritarren alderdi oso esanguratsuetan: Bidaiarien zerrenda baltzean dagozanei hegaldiak hartzea debekatzetik hasi, eta kredituak lortzeko edo seme-alabak zentro jakin batzuetan matrikuletako aukerara. Puntuazino baxua daukienak, ganera, zorrotzago katxeau ahal izango ditue halako segurtasun neurriak daukiezan lekuetan, esaterako eraikin publikoetan edo geltokietan.
 
Oraingoz, gobernuak zortzi enpresatan ezarri dau sistema hau. Esperimentazinorako eta 2020an herrialde osora zabalduko dan metodoa fintzeko balio izango dau horrek. Kritika oldea eragin dau dagoeneko. Batzuentzat, Anaia Handiaren maila gorena da, beste batzuek Black Mirror telesaileko hirugarren denporaldiko lehenengo atalean azaltzen dan munduagaz daukazan antzekotasun bildurgarriak aitatu ditue.

Britainia Handiko telesail horretan, uritarrek puntuazinoa daukie, sare sozialetan hartu-emona daukienek euren ganean daben eretxiaren arabera. Azken balorazinoa erabilten da, bakotxak lortu leikean etxebizitzea edo egin leikean beharra zehazteko. Bataz bestekotik behera dagozanak inframunduan bizi izatera kondenautako paria bihurtzen dira, eliteek lujozko bizimodua egiteko erraztasun handiak dituen bitartean. Gatxa da eskala sozialean gora egitea, baina oso erraza jaustea.

21. mendeko Txinan, errealidadea fikzino horretatik hur dago. Desbardintasuna da, Gobernua izango dala puntuak emon eta kenduko dituana, big dataren erabilita ondorioztau ahal izango diran faktoreen bidez. Batetik, datu finantzieroak kontuan hartuko dira: Zergak pagetea, hipotekearen kuotak pagetako puntualtasuna eta ganerako ordainketetan egon leitekean edozein irregulartasun. Gero, bakotxaren gizalegearen arabera beste puntu kopuru jakin bat banatuko da, hainbat daturen arabera neurtuak: Aurrekari penalak, zintzotasun akademikoa, boluntariotzan parte hartzea edo seme-alabakanako errukia, kontzeptu sano konfuziarra berau. Amaitzeko, persona bakotxak ziberespazioan egiten dauena kontuan hartuko da: Sare sozialetako mezuetatik, online erosketak egiteko ohituretaraino.

Emoitzea begiratu egingo da herritarrak zerbitzu publikoren bat eskatzen dauen bakotxean. Enpresa bat erregistretea, oposizinoetan parte hartzea, lujozko hotel baten erreserbea egitea zein hegazkineko edo abiadura handiko treneko txartelak erostea. Kreditu txikiena daukienak momentuan bertan baztertuko ditue eta klase altuek erabilten dituen zerbitzuetan betoa ezarriko jake. Hau da, Black Mirror-en legez, ostrazismora kondenauta egongo dira.

Sistemea martxan ez dagoan arren, Txinak euki badaukaz zerrenda baltzak. Azkenaldion zeresana emon dauena aire-konpainien sektorearena da, alor horretan eskandalu ugari egon dira eta. Haize freskoa hartzeko larrialdiko atea zabaltzen daben bidaiariak, korridorearen erdian kaka egiten daben umeak, atzerapenakaitik protesta egiteko konpainien mostradoreak apurtu eta erreboltak hasten dituen bidaiari haserratuak... halakoak gehiegitan izan dira albiste. Orain, halako tirabirak sortu dituenei kargu hartu deutsie eta ezin dabe barriro hegaldirik hartu. Igazko datu ofizialen arabera, 4,9 miloe lagunek debekatuta daukie hegazkinak hartzea, eta beste 1,6 miloek ezin dabe trenean bidaiatu.

Halandabe, bada beste zerrenda baltz ezezagunago bat, bertan agiri diran herritarrentzat ondorio txarragoak dituana: Zintzoa ez dan portaerea daukien personak zigortzeko Auzitegi Gorenak 2013an sortutakoa. Liu, 41 urteko enpresaria, adibide egokia da zerrenda horren nondik norakoak ezagutzeko. Zerrenda horretan sartu eben, beharginei kalteordaina ordaintzeari uko egin eutsalako tirabira baten ostean: Ez nintzan arduratu aste batzuk geroagora arte, hegazkin txartel bat ez eustenean saldu nahi izan, kontau deutso Sixth Tone egunkari digitalari. Gero konturatu nintzan inork ez eustala mailegurik emoten, eta nire enpreseari be ez. Beraz, onena kalteordainak pagetea izango zala pentsau neban.

Liuren kasuan, zerrendeak espero dan moduan funtzionau eban. Baina abogadu eta ekintzaile batzuek salatu dabenez, deserosotzat joten diran personak zigortzeko be erabili leiteke. Eta Txinan halako asko dagoz, batez be erreforma politiko eta sozialak eskatzen dituenak. Urrunera joan barik, kasu batzuetan ondorioak bidebakoak dira, larregizkoak diralako. Wei-ren kasuan esaterako. Chengdu uriko ama bakar hau zerrendan sartu zan, epaile batek aitari emondako bisitak ez zitualako errespetau.

The Paper egunkariaren arabera, arazoa sortu zan epailearen erabagiaren barri ez eukalako, postaz heldu jakon arte. Ordurako, hegazkin txartelak erosi ezinda egoala baekian. Orduan, bikotekide ohia salatzea erabagi eban, harek be ez ebalako epaileak ezarritako pensinoa pagetan. Azkenean, guraso biak sartu ditue zintzoak ez diranen zerrendan. Andrea bildur da ez ete dauen lanpostua galduko, enpreseak bere egoerearen barri jakiten badau, legez kanpoko ezer ez dauela egin ziurtetan dauen arren.

Akatsak akats, puntukako sistema barri hau aurrekoa baino hobea da, ha persona gitxi batzuen erabagien menpe egoalako, dino Meng Tianguang Pekingo Tsinghua unibersidadeko Zientzia Politikoetako irakasleak, Wall Street Journali emondako alkarrizketan. Orokorrean, big datak lagundu leike zigorrak bidezkoagoak eta neurritsuagoak izan daitezan, dino Xu Anqik. Dana dala, Txinakoa lako erregimen ilun baten, datuok sukalde ideologikotik pasau leitekezala gauza jakina da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu