Museoen Nazinoarteko Eguneko jarduerak Bizkaiko 22 udalerritan

Bizkaie! 2017-05-15 13:31   Kulturea

Maiatzaren 18an izango da egun berezi hori eta Bizkaiko Foru Aldundiak programazino bateratua aurkeztu dau.

Bizkaiko museoetako arduradunak eta, erdian, Lorea Bilbao (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lorea Bilbao Foru Aldundiko Kultura diputaduak Museoen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako programazinoa aurkeztu dau Bilbon, Bizkaiko museoetako hogeita hamar arduradunegaz batera. Museoak eta istorio iskanbilatsuak: esan ezin dana museoetan esaten lelopean ospatuko da eta 70 jarduera inguru egongo dira, Bizkaiko 22 udalerritako ekipamenduetan. Guztira, 36 museok egin dabe bat egitarau bateratuagaz.

Lorea Bilbaok museoen ezinbesteko zeregina nabarmendu dau: Benetan elementu garrantzitsuak dira Bizkaiarentzat: balioak sortzen ditue, eta jakintzea, tradizinoa, modernidadea eta herri baten nortasuna transmitiduteko ezinbestekoak dira. Lorea Bilbaok ganeratu dau museo handiak erreferente kulturalak dirala eta ekonomia sustatzen dabela. Baina museo txikiagoek egiten daben lana be aitatu gura neuke. Zalantza barik, gizarteari egiten deutsien ekarpena eta daukien balioa ezin dira modu kuantitatiboan kalkulau: kulturgintzearen zutabe ikaragarri garrantzitsua dira, ganeratu dau diputaduak.

Bizkaiko museo gehienetara doban sartu ahal izango da Museoen Nazinoarteko Egunean. Ganera, jarduerak maiatzaren 18an bertan zein maiatzaren 20 eta 21eko asteburuan egingo dira. Ia-ia Bizkai guztira helduko dira ekintzok. Bisita gidatuak, umeentzako eta helduentzako tailerrak, berbaldiak, aurkezpenak, dastatzeak, abestutako bisitak, animazinodun bisitak, ipuin-kontalariak eta arkeo-txotxongiloak programau dira, besteak beste.

Egitarau osoa, hemen.

Programazino berezian parte hartuko daben Bizkaiko 36 museoak honeek dira: Arkeologi Museoa, Arte Eder Museoa, Berreginen Museoa, Itsas Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Museoa, Euskal Nazionalismoaren Museoa, Guggenheim, Aste Santuko Pausoen Museoa, Zezenketa Museoa, Euskararen Etxea (danak Bilbon), Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoa (Abanto-Zierbena), Txakolingunea (Bakio), La Encartada Fabrika-Museoa, Balmasedako Pasino Bizidunaren Interpretazino Zentroa, Uribilduko Historiaren Museoa (Balmaseda), Margarita María Berriztik Mundura Museoa (Berriz), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Arte eta Historia Museoa (Durango), San Balentinen Museoa (Elorrio), Loizaga Torrea, Ibilgailu Zahar eta Klasikoen Museoa (Galdames), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Bizkaia Zubia (Getxo), Dolomitas Antzinako Lantegiaren Museoa (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi), Medikuntzearen Historiaren Euskal Museoa (Leioa), Andrés de Urdaneta Historia Naturalaren Museoa (Loiu), Hontza Museoa (Mañaria), El Pobaleko Burdinolea (Muskiz), Orozkoko Museoa (Orozko), Plasentia de Butrón Museoa (Plentzia), Rialia-Industriaren Museoa (Portugalete), Santurtzi Itsasoa Museoa, Agurtza Atunontzia (Santurtzi), Enkarterriko Museoa (Sopuerta) eta Simón Bolivar Museoa (Ziortza-Bolibar).

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu