Marc Romboy, Tronik Youth eta Josu Aramburu, maiatzeko Art After Dark saioan
2017-05-12 07:55 MusikeaMusikeagaz eta arteagaz disfrutetako aukerea egongo da maiatzaren 12an, barikuan, Bilboko Guggenheim Museoan.
Hileroko hitzordua izango dau Art After Dark zikloak maiatzaren 12an. Betiko legez, bisitariek musika elektronikoaren doinuak entzun ahal izango ditue, museoko erakusketetako artelanak ikusten dituen artean. Bertoko eta kanpoko musikariak ekarri ditue gaualdia girotzeko.
Lehenik eta behin, gaueko 22:00ak bueltan, Josu Arambururen txandea izango da. DJ gazte honek lekua egin dau inguruko musika-programatzaileen agendetan eta horri esker, hainbat artista ospetsuren alboan egin ditu saioak: M.A.N.D.Y, Matador, Laura Jones, Marc Romboy, Marc Houle, Digitaria, Barem eta abar. 2013an, Bergarako beste gazte batzukaz batera, The Addams Party proiektua sortu eban Aramburuk. Gaur egun Bilboko Fever jantzalekuan Blue Waves jaia antolatzen dau, hile birik behin.
Ondoren, 23:00etan, Neil Parnell edo Tronik Youth DJ, produktore eta zuzendari ospetsuaren txandea izango da. Azken hamarkadan 25 single eta 100 birnahasketa baino gehiago argitaratu ditu, bere izena daroan giro-musikako disko arrakastatsu batez gan. Debuta Youth Is Wasted On The Young diskoagaz egin eban 2015ean.
Amaitzeko, gauerdi aldean, Marc Romboy DJ eta produktore alemaniarra egongo da Guggenheimen. Systematic diskoetxearen arduradun nagusia da 2004tik, eta dagoeneko 100 disko baino gehiago argitaratu ditu. 10 Years of Systematic bilduman gehien gustetan jakozan artisten abestiak batu zituan, besteak beste Audiojack, Jimpster eta Dusty Kid-enak. Lan hori izan zan bere ibilbideko momenturik gorena, musika-zerrendetan goi-goian ibili zan eta.
Art After Dark saiora doazanek, hiru artista horreen doinuak entzuteaz batera, orain museoan dagozan erakusketak ikusi ahal izango ditue, besteak beste, Abangoardien aldiko Pariseko artistei eskainitakoa zabaldu barri dabe. Sarrerak 13 euroan dagoz salgai eta, Museoaren Lagun diranentzat, 9 euroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!