Mundaka Festivalek behin betiko egitaraua aurkeztu dau

Bizkaie! 2017-05-09 12:53   Musikea

Ocean Colour Scene, Willis Drummond eta Seiurte, besteak beste, jaialdian izango dira, garagarrilaren 28tik 30era.

Ocean Colour Scene taldea | Ikusi handiago | Argazki originala

Hirugarren edizinoa dau aurten Mundaka Festival jaialdiak. Musikea, kostaldeko paisajeak, kulturea eta gastronomia buztartzea da ekimenaren helburu nagusia eta, horretarako, egitarau oparoa atontzen dabe urtero. Aurtengo programazinoa zarratu dabela aurreratu dabe antolatzaileek.

Ocean Colour Scene da orain baieztautako taldeen artean aitagarriena. Ibilbide luzea egin dau Britainia Handiko talde honek, 1989an Birmingham urian sortu zan eta. Rockaren inguruko estiloa lantzen dabe eta diskorik arrakastatsuenak 1990eko hamarkadako Moseley Shoals eta Marchin' Already dira.

Euskal ordezkaritzea be egongo da Mundakan. Egitaraua zarratzen dauen zerrendan, Willis Drummond eta Seiurte dagoz. Azken urteotan euskal musikan leku nabarmena egin dauen taldea da Willis Drummond, Ipar Euskal Herrikoa. Seiurte, ostera, talde bizkaitar beteranoa da.

Horrezaz gan, New Yorketik Mundaka Festivalera etorriko da The Red Trads. Soul, jazz, swing eta rock estiloak buztartzen ditu talde horrek. Julián Maeso espainiarrak, ostera, Somewhere, somehow disko barriko kantak eroango ditu Mundakara.

Garagarrilaren 28, 29 eta 30ean egingo da Mundaka Festival. Orain baieztautako taldeakaz batera, lehendik iragarritako beste asko be oholtzan izango dira: Mando Diao, Beth Hart, Zea Mays eta abar. Hiru egunetarako abonuak salgai dagoz dagoeneko, 55 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu