Karmele Jaioren eta Alejandro Fernández Aldasororen testuak, Bizkaidatz lehiaketearen abiapuntu

Bizkaie! 2017-05-08 08:27   Kulturea

Literatura sariketa horren bederatzigarren edizinoa antolatu dau Bizkaiko Foru Aldundiak. Irailaren 22ra arte entregau leitekez idazlanak.

Aurreko urteetan legez, aurtengo Bizkaidatz sariketan be, idazle ezagun bik idatzitako testuak amaitu eta osotu beharko ditue parte-hartzaileek. Karmele Jaiok Zaunkak izeneko idazlana egin dau, euskeraz. Alejandro Fernández Aldasorok, ostera, Un merluzo de anzuelo, gaztelaniaz. Amaiera bako istorioak dira, lehiakideen irudimenak emongo dauenaren zain.

Euskerazko zein gaztelaniazko modalidadeetan, beraz, nahi daben herritarrek parte hartu ahal izango dabe, eta zenbatgura testu bialdu ahal izango ditu bakotxak. Kasu guztietan, Jaioren eta Fernández Aldasororen testuetan agertzen diran pertsonaiak eta planteamendua errespetau beharko dira.

Herritarrek imajinazinoa lantzea eta idazteko zaletasuna bultzatzea dira lehiaketearen helburuak. Aurkeztutako testu bakotxak 16 eta 20 orrialde bitartean izan beharko ditu. Irailaren 22ra arteko epea daukie parte hartu nahi dabenek. Lehenengo saria (1.500 euro), bigarrena (500 euro) eta diplomea emongo dira hizkuntza bakotxean.

Jarraitzeko prest? Orain zure txandea da lelopean dator Bizkaidatz sariketea. Bizkaiko Foru Liburutegiaren bidez antolatu dau Foru Aldundiak. 2008an antolatu eban lehenengoz Bizkaidatz eta, edizino guztietan, goi mailako idazleak ibilten dira istorioen abiapuntuak idazten, parte-hartzaileek segidu daiezen. Miren Agur Meabe, Unai Elorriaga, Irati Jimenez, Katixa Agirre, Alex Oviedo, Goizalde Landabaso eta beste hainbat ibili dira horretan.

Bizkaidatz sariketea 16 urtetik gorakoentzat da. Dana dala, ume eta gaztetxuentzako Bizkaidatz Txikia lehiaketea be antolatzen dau Foru Liburutegiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu