Gernikako Batzarretxeak 'Emakumeok. Gernikako Arbolaren aurrean' erakusketea zabaldu dau
2017-05-08 11:17 KultureaEuskal Herriko politikan emakumearen irudikapen sinbolikoa erakusten daben XVI. eta XVII. mendeetako harribitxi artistikoak jasoten ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusiek, emakumeak Euskal Herriko bizitza publikoan egindakoaren aintzatespena eta ikusgaitasuna bultzatzen dauen erakusketea inaugurau dau astegoienean; Emakumeok. Gernikako Arbolearen Aurrean erakusketeak, orain arte jente aurrean sekula erakutsi ez diran eta emakumeen identidadearen garrantzia eta XIX. mendean Foruak baliobakotu arte euskal politikan emakumeak izan eban irudikapen berezia eta sinbolikoa erakusten dau.
Martiaren 1ean Bizkaiko Batzar Nagusietan egin zan Euskal Emakume Hautetsien lehenengo Batzarretik sortutako erakusketa horren aurkezpeneko Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Pedro Elosegi, Arabako Batzar Nagusietakoak hartu dabe parte, beste batzuen artean. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea izan da Batzarretxeko Liburutegi-Artxibategiaren eta Leiarpeko Aretoaren artean egin dan ekitaldiaren anfitrioia. Azken hori izan da gehien bat XVI. eta XVII. mendeetan, oso teknika eta formatu artistiko desbardinak erabilita, egindako artelan gehienak erakusteko aukeratu dan lekua. Estilo horreen artean orio gaineko pinturea, egurrean egindako eskulturea, tapiza, grabaua edo uraz nahastautako tintagaz Bizkaian egin ziran lehenengo marrazkiak dagoz.
Francisco de Mendietaren El Besamanos, Europako artean egin ziran lehenengo emakumeen talde-erretratua
Erakusketearen oinarria Francisco de Mendietak (1556-1620) XVII. mendearen lehenengo hamarkadan margotu zituan koadruen irakurketa ikonografiko barritzailea da. Alberto Santana historialariaren eta erakusketearen komisarioaren eretxiz, orain lau mende egindako Los esponsales eta El Besamanos koadruak, Europako artean egin ziran emakumeen lehenengo talde erretratuak dira. Bere esanetan, arte politikoaren lehenengo adibideetakoak be badira, Espainiako judikaturearen aldetik hartzen egozan erasoen aurrean 1526ko Bizkaiko Foru Barria defendiduteko beren-beregi egindakoak.
Euskal Emakume Hautetsien Batzarragaz bat etorrita, Fernando Katolikoak Foruen Zina erakusten dauen El Besamanos koadrua Gernikako Batzarretxeko bileren aretotik kentzea erabagi eben Bizkaiko Batzarrek, jazoera garrantzitsuetan emakumeak eukan presentzia sinbolikoa jente guztiaren aurrean erakusteko. Dana dala, Europako artean egin zan emakumeen lehenengo talde erretratua faltsua da, egileak, Bizkaiko herrietako ordezkarien lekuan, euren nortasuna erakusten daben burukien bitartez herri bakotxa ordezkatzen eben emakumeak jartea erabagi ebalako. Europako artearen historian, irudikapen politikoan emakumeak ikusgai egiten diran lehenengo aldia da –modu sinbolikoan bada be–. Artelan horregaz batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak laga dauen egile beraren Los Esponsales lana be erakutsiko da.
Euskal Herriko antxinako burukiek eukien identidadearen inguruko sinbolismoa eta politika arloko esangurea ezagutzean oinarritzen dan erakusketea, beste artelan anonimo batzuekaz eta José Ignacio de Urrutia Chopitea, Joris Hoefnagel, Franz Hogenberg edo Guiot Beaugrant margolariek egindakoakaz osotzen da.
Erakusketea egunero egongo da zabalik abuztuaren 31ra arte, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Sarrerea librea izango da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!