Kulturea eta Pentsamendua zikloa Bilbon
2017-05-05 11:08 KultureaBidebarrieta kulturgunean poesiaren eta filosofiaren arteko loturak aztertuko ditue maiatzaren 8tik 29ra.
Eta zertarako poetak…izenburupean datorren programearen asmoa honako hau da: sorkuntza poetikoak gogoetarako eta kritikarako materia sortzeko dauen gaitasuna aztertzea. Guztira lau berbaldi antolatu ditue zortzigarren edizino honetarako. Maiatzeko astelehenetan izango dira topaketa guztiak, arrastiko 19:30ean Bidebarrietako liburutegian.
Patxi Lanceros saiakeragile eta Filosofian doktoreak aurkeztuko dauen egitaraua datorren astelehenean hasiko da beraz, Helena Cortés Gabaudán Vigoko Unibersidadeko Hizkuntza eta Literatura Alemaneko irakaslearen eskutik. Orfeo es cuando canta: cuando la poesía supera a la filosofía berbaldia eskainiko dau lehenengo egun honetan.
Maiatzaren 15ean, Carlota Fernández-Jáuregui Rojasen Una antigua caída. Sobre los límites entre filosofía y comedia berbaldiaren txandea izango da. Ensayos de Humanidades aldizkariko editorea da, Filologia Hispanikoan eta Literaturearen Teorian eta Alderatuan lizentziaduna eta Europar Literaturan Doktorea.
Hirugarren jardunaldian, maiatzaren 22an, Nuria Sánchez Madridek, Filosofian eta Filologia klasikoan lizentziaduna eta Filosofian Doktorea, Llamas, polvo y cenizas. Poesía como magia en Arendt gaiaren ganean egingo dau berba.
Jon Kortazar Uriarte, Euskal Literatura katedraduna EHUn eta diziplina anitzeko intelektuala, izango da zikloa zarratuko dauena, maiatzaren 2an, euskeraz eskainiko dauen Euskal Poesia: Filosofia, Estetikea eta Aforismoa izenburuko saioagaz.
2010eko maiatzean martxan jarritako Kultura eta Pentsamendua programearen helburua, gaurkotasuna daben gaiei buruzko gogoetea eta eztabaidea gune bilakatzea da. Gaur egungo pentsalari handien ikuspuntu kritikotik aztertzen da gai hori.
Sarrera librea izango da eta berbaldiak streaming-ez eskainiko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!