Kepa Altonagaren liburu barriak Lotilandiako sasoietara daroa irakurlea

Bizkaie! 2017-05-05 10:02   Kulturea

Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan Pamiela argitaletxeagaz plazaratu dau idazle bizkaitarrak.

Kepa Altonaga, Bilboko Plaza Barrian (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Amerikaren eta Euskal Herriaren arteko zubia da Kepa Altonagaren liburu argitaratu eta aurkeztu barria. Argentinara joandako euskaldunen amesak, helburuak eta ibilerak dakarz, baita euren herrian geratutakoen ikuspegia be. Pamiela argitaletxeak azaldu dauenez, gomuta batetik abiatuta eta Obaban zehar, Lotilandiako garaietaraino hurreratuko gara Kepa Altonagaren eskutik. Alboan dogun lekua ei da hori, baina ahaztu egin jakuz bertako pertsonaiak eta parajeak.

Funtsean, persona bi dira kontakizunaren ardatza: Florentzio Basaldua (1853-1932) eta Janpierre Arbelbide (1841-1905). Lehenengoa, gaztetan Argentinara joandako bilbotarra, proiektu handi baten bultzatzailea da: Patagoniako lur urrunetan Euskal Herri barria eregi nahi dau. Bigarrena da Basalduaren kontrapuntua. Euskal Herri barriaren idea hori amesa baino ez dala uste dau.

Intrigaz eta maminez betetako liburua da Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan, Euskal Herritik Amerikarako migrazinoaren testuinguruan, baina berton geratu ziranak ahaztu barik. Datu jakingarriz betetako kontakizuna da Altonagarena. Bidean, pertsonaia ugari agertuko dira: Daniel Lizarralde medikua, Juana Canut maistra lapurtarra, Otaño eta Mendiaga bertsolariak, Agnes Souret ezpeletarra...

Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu dau Kepa Altonagak (Loiu, 1954) liburu barria. Aurretik beste liburu asko ditu argitaratuak. Azkena, Back to Leizarraga, 2015ekoa da.

Florencio Basalduaren mapak, Patagonian Euskal Herri barria sortzeko (irudia: Pamiela)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu