Musikaldian Bilbo musikearen eta jantzearen uriburu bihurtuko da

Bizkaie! 2017-05-05 08:42   Musikea

Euskal Herriko Musika Eskolen Alkarteak antolatutako jaia da, ikasle zein irakasleek euskal musikea, jantza eta kulturearen alde egiten daben lana erakusteko.

Bilbo izango da maiatzaren 20an ospatuko den Musikaldiaren egoitzea. Musikaldia Euskal Herriko Musika Eskolen Alkarteak urte birik behin antolatzen dauen jaia da, alkartea osotzen daben ikasle zein irakasleen arteko topaketea, hain zuzen be. Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa dauen ekitaldi honek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 46 eskoletako 3.800 ikasle Alde Zaharraren eta Arenalaren inguruan batuko ditu, musika eskoletan egiten daben lana gizarteari erakusteko helburuagaz.

Bilboko Udaleko Kultura Zinegotzia, Nekane Alonso; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordea, Maite Alonso; BilbaoMusikako Zuzendari Kudeatzailea, Ana Madariaga; EHMEko (Euskal Herriko Musika Eskolen Alkartea) ordezkaria, Saioa Bergado eta Bilboko Udal Musika Eskolako zuzendaria, Iñigo Eskubi izan dira prentsaurrean.

Jarduna 10:00etan hasiko da Gas Plazan antolatu dan inaugurazino ekitaldiagaz. Bertan Imanol Urbieta, pedagogo eta umeentzako abesti ugariren egile zarauztarra, EHME 2017ko ohorezko bazkide izentauko dabe. 10:30ean, Musikaldia 2017ko Abian da Festa abestia estreinauko da eta jarraian, 10:45 aldera, hainbat kalejira hasiko dira.

La Concordia tren geltokiaren aurrean goiz osoan zehar Jam Sessionak egiteko eszenatoki bat jarriko da. Bidebarrieta Liburutegian ahots topaketa bat izango da eta  Prim kalean, La Burrería eraikinaren ondoan, Bilboko eskolen lehenengo eta bigarren hezkuntzako ikasleen erakustaldia antolatu da. Abesbatzek Euskal Museoan eta Santos Juanes eleizan jardungo dabe. Pianoaren soinua, ostera, Donejakueko Katedralaren estalpean eta San Nikolas plazatxuan entzungo da eta egungo soinuak, barriz, Bilborock eta bestelako eszenatokietan.

Jaia, Plaza Barrian amaituko da, 17:00etan hasiko dan erromeria bategaz; bertan, parte-hartzaileek herri eta urietako plazetan jantzak dibertiduteko eta alkar ezagutzeko modu ezin hobea ziraneko antxinako giroa barriro biziteko aukera parebakoa izango da.


Musikaldia 2017

Maiatzaren 20an 5.000 persona inguru batuko dira Bilbon. Musikaldia hogeiren bat eszenatokitan egingo da, kalean (Plaza Barria, Gas Plaza, La Concordia geltokia, Erriberako Merkatua, Prim eta Iturribide kaleen alkargunea, Unamuno plaza, Arriaga plaza, Arriaga Antzokiaren alboa), zein gune zarratuetan (BilbaoMusika, Bidebarrieta Liburutegia, Bilborock, Euskal Museoa, Joan Santuen eleizea, Katedraleko arkupeak, Mugika Eskola Publikoa, Sarriko Kontserbatorioa). Musikaldiak 440 lagun inguru batuko ditu kalejiretan, 270 pop, jazz eta rock taldeetan, 850 abesbatza taldeetan, 500 baino gehiago musika talde tradizionaletan, 1.050 formato handiko talde eta orkestretan, 250 kamera taldeetan, 150 pianista baino gehiago, 275 jantza klasiko, moderno eta tradizionaleko taldeetan eta 50 abeslari. Edizino honetan, espazioek historian zehar era guztietako musikeagaz lotutako emakumeen izenak daroez, Santa Cecilia, Alma Mª Schindler, Clara Wieck, Katia eta Marielle Labèque, Ella Fitzgerald, María Callas, Violeta Parra, Janis Joplin, Patti Smith edota Alicia de Larrocha, Inma Shara, Ainhoa Arteta, Alicia Alonso eta María Joao Pires.


Musikaldiaren logoa eta sintonia

BilbaoMusikako musika eskolako idazkari eta zuzendaritza taldearen kide Mikel Albisturrek sortu dau aurtengo sintonia, Abian da Festa izenekoa. Beste alde batetik, urrian, BilbaoMusikak Musikaldiaren logotipoa aukeratzeko lehiaketa bat jarri eban martxan; sorkuntza, originaltasun eta kalidade erispideak kontuan hartuta, Pablo Barredoren proposamena izan zan irabazlea.

 

Musikaldia

Musikaldia, EHMEak (Euskal Herriko Musika Eskolen Alkartea) asmo argi bategaz sortu eban: bazkide diran Musika Eskolen ikasle eta irakasleen arteko topaketak ahalbidetzea eta musika, jantza eta euskal kulturearen alde egiten daben lana gizarteari erakustea. 1997an, Pasaian lehenengo Musikaldia egin zanetik, mueta eta estilo musikal guztietako milaka ikaslek hartu dabe parte Euskadi Musika Eskolen jaialdi honetan. Jaialdiak, honako lekuetan izan dira: Errenteria (2015), Oñati (2013), Gasteiz (2011), Mungia (2009), Erandio (2007), Elgoibar (2005), Getxo (2003), Lezo (2001), Hondarribia (2000), Santurtzi (1999), Gernika (1998) eta Pasaia (1997)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu