Zeanuriko Erroten XII. Ibilaldia egingo da domekan

Bizkaie! 2017-05-04 11:30   Kulturea

Herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko auzoak erakusteko eta erroten garrantziaren barri emoteko helburua dau oinezko martxeak.

Maiatzaren 7an antolatu dau Joko Alai Alkarteak 2017ko Zeanuriko Erroten Ibilaldia. Aurten hamabigarren edizinoa beteko dau oinezko martxa honek eta antolatzaileek adierazo dabenez hasierako helburuei eutsi deutsie: Alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea; azkenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonean eta kirola eginaz pasetako aukerea eskaintzea.

Ez dira gitxi Zeanurin ezagutzen diran edo han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan (Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin) sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.

Ibilbide bi atondu ditue antolatzaileek, bata luzea, 18 kilometrokoa; bestea, laburragoa, 12 kilometrokoa, umeentzako edo sasoi on-onean ez dagozanentzako egokitua. Urteerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuta, Altziber eta Errotabarri albotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxita, Barrengoerrota aurkituko dabe, Beretxikora errekatxoaren ertzean. Agarre izeneko baserrien ingurutik aurrera eginaz, Undurraga auzunera jatsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe.

Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie bideari. Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábrica-k. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroan sartuko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa. Ibilaldi laburra, ostera, jan-edana banatzen da lekutik zuzenean doa helmugara.

Goizeko 08:30ean hasiko da izen-emotea, abiapuntuan bertan. Ordu erdi geroago hasiko da martxea. Umeek doban parte hartu ahal izango dabe, ganerakoek bosna euro pagau beharko ditue. Jan-edanetarako lekua Alkiberren egongo da. Hiru errota bisitau ahal izango dira:

-Errotabarriko errotea: Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eregi eben eta Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presa eta antepara lotuta dagoz konporta baten bidez, kaltze barik. Errotapetik kaltze bat ateratzen da, urak errekara bideratzeko. 1975eko apirilean itxi eutson lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa Ane izan zan. 2015ean guztiz  zaharbarritu eban Errotabarri Manterola familiak.

-Ibargutxi: Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950 inguruan itxi eutsan lan egiteari. Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz, eta oraindino, lantzean behin etxerako garia edo artoa eihotzen dabe jabeek; horrez ganera, generadorearen bitartez etxerako argindarra sortzen dabe.

-Olabarri: Ibarguen kofradian dago. Jatorriz burdinolea izan zan. Erroteak hiru harri daukaz. Benigno Pujanak errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanei heldu eutsen eta hor dabil gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz.

Ikusi argazki guztiak handiago

2017/05/07 09:00

Zeanurin

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu