Estreinaldiak eta barritasunak, Literaturiaren egitarauan

Bizkaie! 2017-05-03 13:33   Kulturea

Espilua gai nagusia dala, Zarautzen egingo da Literaturia, maiatzaren 25etik 28ra. Egitaraua eta hainbat nobedade aurkeztu ditue Donostian gaur.

Iraia Elias, Literaturiaren aurtengo ekitaldia iragartzeko bideoan | Ikusi handiago | Argazki originala

Egitarau bete-betea aurkeztu dabe Kaxilda gunean egindako ekitaldian. Hiru gune izango ditu Literaturiak aurten. Batetik, Modelo aretoak emonaldiak, antzerkia, errezitaldiak, barriketaldiak eta bideo-saioak hartuko ditu. Emonaldietako asko estreinaldiak izango dira, eta horreetako baten aurrerapentxua eskaini dabe Irati Jimenez idazleak eta Petti musikariak Kaxildako aurkezpenean.

Maiatzaren 25etik 28ra Modelo aretoko oholtzara igongo daben beste sortzaile batzuen izenak be aitatu ditue antolatzaileek: Bea Salaberri, Katixa Dolhare, Bihotz Bakartien Kluba, Huts Teatroa, Manex Agirre, Gaizka Amondarain, Lou Topet, Iban Zaldua, Miren Gorrotxategi, Fito Rodriguez, Ramon Agirre, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Lorea Agirre, Josu Landa… Modelo aretoko egitaraua, hemen.

Literaturiako bigarren gunea Musika plazea izango da. Zapatuan egun osoan eta domeka goizean, liburu-azokea egingo da han. Aldi berean, kioskoa umeen gunea izango dala aurreratu dabe. Jon Braunen tipia deitu deutsie kioskoari, Manolo Urbietak sortutako pertsonaiaren omenez. Ume eta gaztetxuei zuzendutako ekitaldiak hartuko ditu leku horrek: ipuin-kontalariak, ilustratzaileak, poesia-tailerra, irakurle gazteen klubaren antzerkia eta abar.

Azkenik, hirugarren gunean, Garoa liburudendan, aurten argitaratutako hainbat libururen aurkezpenak egingo dira. Euskal literaturako nobedadeak ezagutu eta autoreen eretxia ezagutu ahal izango da Garoan. Iragarritako aurkezpenak, hemen.

Bestetik, bideoa estreinau dau Literaturiak, aurtengo ekitaldia iragarteko. Hiru Damatxo idea faktoriak egin dau. Aurtengo lelo nagusiagaz bat egiten dauen istorio labur bat kontetan da bideoan, Iraia Elias protagonista dala. Ikusi hemen.

Espilua izango da aurtengo edizinoko gai nagusia. Leloa, Literaturia da gure isla izango da eta, hortik tiraka, espiluaren kontzeptuagaz lotuta egongo dira Literaturiako ekitaldiak oraingoan. Literaturea norbere buruagaz topo egiteko leku bat dala dinoe antolatzaileek. Literaturearen bidez, bakotxak bere burua ikusi leike eta, beraz, espilua gaia aproposa begitandu jake.

Euskal literaturea kalera ateratzeko asmoz, 2009an sortu zan Literaturia. Urtero egiten da, udabarrian, eta idazle ugarik parte hartzen dabe, irakurle eta argitaletxeakaz batera. Liburu aurkezpenak, errezitaldiak, irakurraldiak eta azokea egoten dira. Baita kontzertuak, tailerrak, berbaldiak eta beste jarduera osogarri asko be. Larrabetzun antolatu ziran lehenengo edizinoak baina, 2014tik, Zarautz da Literaturiaren egoitzea.

Petti eta Irati Jimenez, Literaturiaren aurkezpenean, Donostiako Kaxildan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu