Kaleko arteen uriburu izango da Arrigorriaga barikutik zapatura
2017-05-02 14:47 KultureaClown eta pailazoen nazinoarteko jaialdiaren 22. edizinoan bederatzi konpainiak parte hartuko dabe.
Ikusleen eta artisten arteko hartu-emona estutzeko asmoz, urteroko hitzorduari ez deutso hutsik egingo Arrigorriagako jaialdiak. Urterik urtera, egitaraua zabaltzen eta aberasten ahalegintzen gara, azaldu dau Asier Albizua alkateak. Horren erakusgarri, aurten egongo diran bederatzi konpainiak, batzuk bertokoak eta beste batzuk atzerrikoak. Hamaika ikuskizun eskainiko ditue: Clowna, akrobaziak, zirku garaikidea...
Gure helburua da ikusleek eten barik irribarrea ahoan izatea, ganeratu dau Albizuk. Udaletxean plazea eta kiroldegia izango dira eszenatoki nagusiak, baina kaleko arteek Arrigorriagako txoko guztiak hartuko dituala ziurtatu dau alkateak. Publiko guztiarentzako aproposak dira emonaldiak eta, ganera, doban ikusi leitekez.
Barikuan, maiatzak 5, ikuskizun bigaz hasiko da jaialdia. Udaletxearen plazan (18:30), Italiako Circolabile konpainiaren O como... cacahuete egongo da eta, ordubete geroago, Cristina Solé kataluniarrak Wet floor ikuskizuna aurkeztuko dau leku berean. Barikua clown generoari eskainita egongo da, azaldu dau Amagoia Garaizabal jaialdiko zuzendariak.
Zapatuan, hilak 6, arratsaldeko 18:30ean hasiko da egitaraua. Cía Barré euskal konpainiak, Tras la escoba izenburupean, malabareak ekarriko ditu Udaletxearen plazara. Naoto Okada japoniarrak yo-yoagaz daukan trebetasuna erakutsiko dau, 19:30ean Udaletxearen plazan. Argentinako Duo Laos etorriko da 20:00etan, Otros aires ikuskizunagaz eta, eguna biribiltzeko, La Banda del Otro andaluziarrak Yee-Haw antzeztuko dau.
Domekea euskerazko ikuskizun bategaz hasiko da: Gari,. Montxo eta Jose Lontxo pailazoek clownen saio klasiko bat eskainiko dabe, Kolore, 12:30ean kiroldegian. Arrigorriagan hainbat aldiz egon dira hiru pailazook. Ondoren (13:45), Naoto Okadak beste erakustaldi bat egingo dau Udaletxearen plazan eta, arratsaldeko 18:15etan, Duo Laos izango da protagonistea. 19:00etan, Bambolea konpainia madrildarrak Bambalas akrobazia ikuskizuna eroango dau Udaletxearen plazara. Amaitzeko, 20:15etan, frontoian, Lurrak euskal zirku garaikidearen emonaldia egongo da.
Jarduera osogarriak be ez dira faltauko. Alde batetik, maiatzaren 3tik 14ra, Asmakizunen azokea ipiniko dabe udaletxeko erakusketa aretoan. Bestetik, Bambolea konpainiak umeentzako zirku tailerrak emongo ditu asteon, akrobazietan erabiltzen diran teknikak neska-mutilei hurreratzeko. Eskola publikoan izango dira saioak eta Arrigorriagako hainbat ume bertara eroango ditue ikastetxeetatik.
Amagoia Garaizabalek azpimarratu dauenez, kalidade handiko programazinoa da aurtengoa. Urtero legez, emakumezko artista asko egoteko ahalegina egin dabe. Cristina Solé eta Bamboleako hiru akrobatak emakumeak dira, Lurrak ikuskizuneko hainbat aktore eta artista ahaztu barik. Jaialdiaren aurrekontua 55.000 euro da.
Sorkuntzearen aldeko herria da Arrigorriaga, nabarmendu dau Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, kulturearen balio soziala eta publikoa dakar jaialdiak. Orain dala 22 urte ekimen lokal eta txikia zana nazinoarteko jaialdi izatera heldu dala nabarmendu dau Iturbek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!