Kaleko arteen zirkuitua antolatu dau Bilboko Udalak uriko auzoetan

Bizkaie! 2017-04-28 13:28   Kulturea

Udabarrian Eszena Kalera maiatzean eta bagilean egingo da. Egitarauan 14 talde eta 46 emonaldi dagoz.

Nekane Alonso Bilboko Kultura zinegotzia eta, alkarren ganean, Malas Compañias eta Trotamundos konpainietako artista bi (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kaleko arteen Euskadiko zirkuiturik handiena da honako hau, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Zirkua, magia eta bestelako kaleko ikuskizunak batzen dira egitarau oparoan, euskeraz zein gaztelaniaz, eta edade guztietako publikoari zuzenduta. Bilboko Kalealdiaren aurrerapena da Udabarrian Eszena Kalera, Udalak zehaztu dauenez.

Zirkuituak hainbat helburu ditu, berbarako, askotariko kultura proposamenak auzoetara hurreratzea, kaleak animetea, auzotarren parte-hartzea bultzatzea eta bertoko arte eszenikoetako taldeei euren lanak erakusteko aukerea eskaintzea. Udabarrian Eszena Kalera, ganera, kultur programazino deszentralizaduaren erakusle da, Bilboko Udalak jarduera kulturalak auzo guztietara eroan nahi ditu eta.

Udabarrian Eszena Kalera-ko egitarauan parte hartuko daben 18 taldeek kalean egiteko pentsautako emonaldiak eskainiko deutsiez publikoari. Ikuskizunok ez dira izango 60 minutu baino luzeagoak. Kalidadea eta umorea izango ditue oinarri. Parte hartuko daben taldeak honeek dira: Ameztu Produkzioak, Barre Cía, Malas Compañías, Malicia Cía, Markeliñe, Pantzart Teatro, Philo ta Jole, Plataforma Tirante, Potxin eta Patxin, Rojo Telón, Teatro a la Boina, Trapu Zaharra, Trotamundos Cía, eta magian espezializatutako artistak, hala nola Txan Magoa, Tor Magoa, Sun Magoa, Oliver Magoa & Eva eta Hodei Magoa.

Maiatzaren 1ean hasiko da Udabarrian Eszena Kalera. Egun horretan, Rojo Telón taldeak Haiek naiz/soy ellas lana aurkeztuko dau Elorrietako plazan. Trapezioak, lurreko akrobaziak eta abar dagoz ikuskizun horretan. Bagilera bitartean, Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Inazio, Irala, Ibarrekolanda, Atxuri eta beste auzo batzuetan, 46 emonaldi antolatu dira.

Ikuskizunen zerrendea eta egitaraua, hemen.

Bideoprogramea, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu