XII. Tene Mujika bekea abian da

Bizkaie! 2017-04-28 11:40   Kulturea

Euskal Herriko oraintsuko historia ezagutarazoteko eta gure literaturea aberasteko asmoz, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak martxan jarri dabe 6.000 euroko diru-laguntzinoa emongo dauen bekea.

Gure herriaren azken 60-70 urteetan izandako persona, talde, gertakari edo mobimenturen bati buruzko liburuak egiteko proiektuak babesten ditu bekeak. Aurkezten diran lanak biografiak, kronikak edo erreportajeak izan leikez besteak beste. Testua jatorrizkoa eta euskeraz sortua izan behar da, aurretik argitaratua izan ez dana edo saritu bakoa. Epaimahaian Idurre Eskisabel, Imanol Murua eta Aitor Zuberogoitia dagoz eta testuaren beraren kalidadea eta gaiaren interesa balorauko ditue.

Antolatzaileen arabera, ez da fikzinorik onartuko, baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak holan nahiko baleu; ikerketak dibulgazino-lanak izan leikez, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
 
Proiektuak bialtzeko epea 2017ko abenduaren 11n amaituko da. Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta hareen arteko bat izentauko dau irabazle. Bekearen erdia, izentau eta berehala jasoko dau irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan, lehen erdia jasoten dauenetik urtebetera hain zuzen be.

Akabuko idazlana Elkarrek argitaratuko dau eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko deutsoz egileari. Epaimahaikoek onespena emoten dabenetik sei hilabeteko epean argitaratu beharko da liburua, eta bertan, Tene Mujika Bekearen aitamena egin beharko da derrigorrez. Deialdiaren argibide guztiak hemen dagoz.

Miren Garate kazetari azpeitiarrak igazko beka deialdiari esker bere lehenengo lana, Ekaitzaren zipriztinak, argitaratu barri dauenean dator barriz be egitasmoan parte hartzeko aukerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu