II. Baffest argazkilaritza jaialdia bagilean izango da Barakaldon
2017-04-28 08:58 KultureaBertoko eta kanpoko hamaika argazkilarik parte hartuko dabe aurtengo edizinoan eta, ohiko moduan, danak izango dira emakumeak.
Baffest, Barakaldoko argazkigintza jaialdia igaz sortu zan eta, orduko erantzun ona ikusita, aurten barriro egingo da. Emakumeen sorkuntzea azaleratzea da ekimenaren helburuetako bat eta, beraz, aurten parte hartuko daben egile guztiak andrazkoak izango dira. Barakaldoko Udaleko Kultura zinegotzi Nerea Canterok eta Fotopop enpresa antolatzaileko David de Harok aurkeztu dabe Baffest 2017, Barakaldon bertan egindako agerraldian.
Aurreratu dabenez, bagilaren 1etik 21era egingo da aurtengo edizinoa eta jarduera ugari egongo dira. Lehenengo edizinoan herritar eta bisitariak era atseginean harritu zituan Baffestek, Nerea Cantero zinegotziaren ustez. Aurten, jaialdia finkatzea izango da helburua.
Hamaika argazkilariren lana ikusi ahal izango da Baffesten, batzuk bertokoak dira, baina badagoz Frantziatik, Kataluniatik eta Mexikotik etorritakoak be. Sail nagusian, sei autore egongo dira: Tamara López Seoane, María Aurtenechea, Teresa del Romero, Asun Martínez, Sara Prieto eta Andrea Abila. Lehiaketa erakoa izango da sail hori. Antolatzaileek 63 eskari jaso eta sei argazkilari aukeratu ditue, kalidade handikoak, David de Haroren ustez. Irabazleak erakusketea antolatu ahal izango dau datorren urtean Barakaldon, Baffesteko antolatzaileek ordaindua.
Horrezaz gan, Esther Ferrer, Pauline Fargue, Sofia Ayarzagoitia, Rita Puig-Serra Costa eta Helena Goñiren erakusketak ikusi ahal izango dira; azken hori igazko edizinoko irabazlea izan zan. Kontuak kontu, Bide Oneran, Hizkuntza Eskolan, Errekaortuko urtegian, Anaien parkean, Foruen pasealekuan, San Bizenten eta Herriko Plazan ikusi ahal izango dira argazkiak.
Lehiaketeagaz eta erakusketakaz batera, jarduera osogarriak antolatuko ditue Baffesten, argazkilaritzea herritar guztiei hurreratzeko asmoz. Izan be, David de Harok azpimarratu dau, jaialdia herritar guztientzat dala, argazkilaritzaz asko jakin zein ez. Umeentzako ekintzak egongo dira, baita argazkigintzearen inguruko jardunaldi bat be. Barakaldoko ikastetxeetako eta argazkigintza-eskoletako ikasleek bisitaldi gidatu batzuetan parte hartuko dabe.
Bagileko egitarau ofizialeko egunetatik kanpo be, jarduera gegiago antolatuko dituela aurreratu dabe, Barakaldoko bizitza kulturalean sakonago eragiteko asmoz. Esate baterako, maiatzaren 13an eta 14an tailer bi emongo ditu Estela de Castro argazkilariak. Irailean, Munoako etxaldean egingo dabe jarduera berezi bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!