'Bizkaia Hauspoka' ikuskizuna, zahartze aktiboa bultzatzeko
2017-04-27 13:44 MusikeaBihar bertan hasi eta bagilaren 4ra arte, sei kontzertu antolatuko dira, beste horrenbeste herritan.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak eta Nagusiak alkarteak bat egin dabe Bizkaia Hauspoka sortzeko. Musika ikuskizun hori, batez be, edadeko jentearentzako aproposa izango da, zahartze aktiboa bultzatzeko estrategiaren barruan dago eta. Bizimodu aktiboa izan daien, zaharrei parte hartzeko deia egin deutsie antolatzaileek.
Sei hitzordu egongo dira: Muskizeko Meatzari aretoan (apirilaren 28an, bihar); Igorreko Kultur Etxean (maiatzaren 5ean); Mungiako Olalde aretoan (maiatzaren 20an); Gernikako Lizeo Antzokian (maiatzaren 26an); Zallako Zinema Antzokian (bagilaren 2an); eta Areetako Andres Isasi musika eskolan (bagilaren 4an).
Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputaduak, Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoko presidente Asier Loroñok eta Nagusiak Bizkaiko Jubiladu eta Pensinodunen Alkarteko presidente Roberto Martínezek aurkeztu dabe Bizkaia Hauspoka, Bilbon egindako agerraldian. Sánchez Roblesek adierazo dau zahartze aaktiboaren kontzeptuagaz bat datorrela ikuskizun barria: Ongizatearen gizartea eregitearen aldekoak gara, eta hor, zahartzen doazan personek jagoken lekua hartuko leukie. Gizarte Ekintzako diputaduak ganeratu dauenez, ikuskizun honek edadekoen lehentasunetako bat irudikatzen dau, hau da, bidaia musikala, baina bizi-bidaia bat be bai, hareen identidadearen erakusgarri.
Abestea, jantzan egitea, barre egitea eta bete-betean disfrutetea, horixe Bizkaia Hauspoka ikuskizunak dakarren proposamena, antolatzaileen esanetan. Saioetan ibilbide bat eskainiko da, askotariko musika-konposizino ospetsuen artean: zortzikoak, fandangoak, zartzuelak, vals vienarrak eta martxa amerikarrak, besteak beste. Era berean, literatura testuak, pertsonaia ezagunen interpretazinoak eta ezusteko asko tartekatuko dira, ikusleei gomutak gogora ekarri eta zentzumenak biztuteko. Entzuleen parte-hartzea bilatuko da.
Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoan 30 musikari dagoz, 14 eta 69 urte bitartekoak; bertako arduradun Amaia Loroño arduratu da Bizkaia Hauspoka ikuskizunaren gidoia idazteaz, gaiak aukeratzeaz eta obrearen zuzendaritzaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!