Gure Artea sariak, Maria Luisa Fernandezi, Sra. Polaroiskari eta Azala espazioari

Bizkaie! 2017-04-27 12:27   Kulturea

Emakumeak eta euren proiektuak dira aurtengo sarietako protagonistak, Joxean Muñoz sailburuordeak nabarmendu dauenez.

Joxean Muñoz, Ane Rodriguez, Mabi Revuelta eta Manu Muniategiandikoetxea (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzeak gaur emon ditu jakitera 2017ko Gure Artea sariak, Bilbon egindako ekitaldian. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeagaz batera, epaimahaiko kide izan diran Ane Rodriguez, Manu Muniategiandikoetxea eta Mabi Revuelta egon dira agerraldian. Artistak eta proiektu artistikoak aintzat hartzeko asmoa daukie Gure Artea sariek, Muñozek azpimarratu dauenez.

Honeek sariok sormenaren garapena bultzatzeko helburua dabe, sorkuntzea erraztuz eta autortzea eskainiz. Horrezaz gan, euskal arte garaikidea zabaltzea da asmoa, arte plastiko eta ikusizkoak gizartera hurreratuta. Guztira, 54.000 euro banatuko dira hiru modalidadeetan, hau da, irabazle bakotxak 18.000 euro jasoko ditu.

Aurten, emakume artistak eta emakumeek egindako proiektuak dira sarietako protagonistak, epaimahaiak erabagitakoaren arabera. Kasualidadez jazo da holan, Joxean Muñozek azaldu dauenez. Ibilbidearen saria Maria Luisa Fernandezek jaso dau: epaimahaiaren ustez, indar liluragarria dauka Fernandezek, eta Euskal Eskultura Barriari ekarpena egin deutso. 1980tik aurrera euskal arteak izandako bilakaerea ulertzeko, ezinbestekoa da Fernandezen obrea aztertzea.

Bestetik, sorkuntza lana autortzeko modalidadean, Sra. Polaroiska saritu dau epaimahaiak; Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe dagoz proiektu artistiko horren atzean eta performancea, koreografia eta arte esperimentalak buztartzen ditue. Sormen garaikidearen arloan egindako ekarpena azpimarratu dabe epaimahaikideek, Sra. Polaroiskaren alde egiteko.

Hirugarrenik, ikusizko arteen atalean, Azala espazioa da aurtengo sariduna. Idoia Zabaletak gidatzen dau zentro hori, Arabako Lasierra herrian. Artistek formakuntzarako eta alkarregaz topetako gunea daukie han. Hamar urte bete ditu Azalak eta urteotan egindako lanagaitik emon deutsie Gure Artea saria. Leku edegia da, bertan sormenaren edozein fase bizkortzeko prest dagoz, alkarlanean, adierazo dau epaimahaiak.

2017ko Gure Artea sarien epaimahaiburua Arantza Lauzirika izan da; beragaz batera, Ane Rodriguez, Enrique Martínez Goikoetxea, Mabi Revuelta eta Manu Muniategiandikoetxea izan dira epaimahaikideak. Sariak banatzeko ekitaldia, barriz, bagilaren 15ean egingo da, Donostiako Tabakaleran.

 

Sra. Polaroiska

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu