Bideoarteko eta sorkuntza digitaleko programea sortu dau Bilboko Arte Eder Museoak

Bizkaie! 2017-04-27 11:59   Kulturea

BBVA Fundazinoagaz lankidetzan eratu da proiektu barria. Beatriz Caravaggioren Different trains obrea ikusgai egongo da museoan, egitasmoari ekiteko.

Bilboko Arte Eder Museoaren eta BBVA Fundazinoaren arteko lankidetzea barriztau egin da eta alkarlanerako gogo horrek ekarri dau emoitzea: Bideoarteko eta sorkuntza digitaleko programa barria. Miguel Zugaza museoko zuzendaria eta Rafael Pardo fundazinoaren ordezkaria ez eze, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua be egitasmoa aurkezteko ekitaldian izan da.

Programa barria hasteko, Beatriz Caravaggio artisteak egindako Different trains obrea ikusi ahal izango da Arte Eder Museoan, irailaren 25era arte. Steve Reich konpositorearen izen bereko piezan oinarritutako bideoa da Caravaggiorena. BBVA Fundazinoaren jokera estrategikoan sartu da azkenaldion bideoartea eta sorkuntza digitala bultzatzea. Besteak beste, enkarguak egiten deutsaz artistei, esaterako Caravaggiori egindako hau.

Bideo multikanal eran egindako grabazinoa da Caravaggioren obrea, Steve Reichen musikeari laguntzeko sortutakoa. Artxiboko irudiak muntaiaren bidez buztartuta, gogoetarako bidea emoten dauen piezea da Different trains. Reichek berak txalotu egin dau Caravaggioren lana, berak sortutako musikea sendotu egiten dauelakoan: Bideo multikanal bikaina da, dino Reichek. Museoaren 33. aretoan dago ikusgai.

Reichek 1988an idatzi eban Caravaggioren obrearen oinarri dan musikea, laukoterako formatuan. Eten bako hiru mobimenduko piezea da. 1939 eta 1942 urteen artean autoreak berak egindako tren bidaiak gogoan hartzen ditu piezearen lehenengo herenean. Bigarren zatia, ostera, ilunagoa da, juduek II. Mundu Gerrearen bueltan pasautako estualdiak diralako ardatza. Azken zatia, gerrearen ondorioak irudikatzeko erabili dau Reichek.

1930eko eta 40ko hamarkadetako jazoerak diranez, Reichen konposizinoaren abiapuntua, Caravaggiok be sasoi haretako artxiboko irudiak erabili ditu bideo artistikoa egiteko. Hiru zatitan banatutako pantaila baten aurkeztu ditu; holan, esanguren, soinuen eta irudien triptikoa da obrea. Cronos Quartet taldeak 1989an grabautako bersinoagaz sinkronizauta dago.

Beatriz Caravaggio Oviedon jaio zan eta hamarkada biko ibilbidea egin dau artearen eta sorkuntzearen alorrean. Bideoklip musikalak, film dokumentalak, bideosorkuntzak eta bideoinstalazinoak egin izan ditu. Caravaggio Bilbon izan da, Arte Eder Museoko programa barriaren aurkezpenean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu