The Prodigy eta beste hainbat BIME Live jaialdian izango dira

Bizkaie! 2017-04-27 08:31   Musikea

Urriaren 27an eta 28an egingo da BIME Live, Barakaldoko BEC erakustazokan. Bertan joko daben talde batzuen izenak emon ditue antolatzaileek.

The Prodigy taldea | Ikusi handiago | Argazki originala

The Prodigy taldea da, orain arte emondako izenetatik, behinik behin, nabarmenena. Elektronikearen alorreko musika taldeen artean, munduan eragin handienekoa da Britainia Handiko hau. BIMEko antolatzaileek dinoenez, eten barik garatzen eta aldatzen doan taldea da, baina bere jokera punk-ari uko egin barik. Energia handiko kontzertuak dirala azpimarratu dabe.

The Prodigy 1990ean hasi zan joten. Liam Howlett, Keith Flint eta Maxim dira taldekideak gaur egun. Mende laurena baino gehiagoko ibilbidean, 25 miloe disko saldu ditu taldeak. Musika elektronikoaren barruan, estilo ugari buztartzen ditu, besteak beste, rave, industrial, big beat eta punk.

Horrezaz gan, urrian BECen izango diran beste talde batzuen barri be emon dau BIMEk; Einstürzende Neubaten da aitagarrienetako bat, Bad Seeds taldean ibilitako Blixa Bargeld da taldeko liderra. Berlingo musika alternatiboaren ordezkariak dira.

Frantziatik dator, bestalde, Pascal Arbez-Nicolas DJ eta produktorea, Vitalic izenagaz ezagunagoa. Bere disko argitaratu barria, Voyager, aurkeztuko dau Barakaldon. Kiasmos bikote islandiarrak musika elektronikoaren arimea erakutsiko dauela dinoe antolatzaileek. Mark Eitzel amerikarraren inguruan, ostera, BIMEkoek dinoe gaur egungo konpositore handienetako bat dala.

Exquirla taldea be BECen izango da. Niño de Elche eta Toundraren arteko batuketea da proiektu hori. Kanadatik datorren Tops, ostera, sorpresea izango da askorentzat, antolatzaileen ustez.

Euskal ordezkaritzea be egongo da BIMEn eta, oraingoz, antolatzaileek artista baten barri emon dabe: Anari disko barria aurkezten joango da Barakaldoko oholtzara, Epilogo bat. Euskerazko rockaren erakusgarri nagusietakoa da Anari.

BIME Live, BIME ekimenagaz lotutako jaialdia da; antolatzaileen esanetan, BIME Live Europa hegoaldean udagoieneko musika jaialdirik handiena da. BIME, ostera, musikeari eskainitako topaketea da. Kontzertuak ez eze, sektoreko profesionalentzako biltzarra (Pro izenekoa) be badauka. Kontzertuak zein profesionalen batzarrak Barakaldoko BECen izango dira, baina ekimenaren jarduera batzuk Bilbon egiteko asmoa daukie antolatzaileek aurten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu