'Bakearen Doinuak', zapatuan Gernikan
2017-04-26 12:52 MusikeaSegundo Olaeta musika eskoleak bultzatuta, hainbat disziplinatako artistek bat egingo dabe ikuskizun berezi horretan.
Orain arte egin diran emonaldi guztietan erantzun ona izan dauen ezkero, Bakearen Doinuak ikuskizuna aurten barriro oholtzara eroatea erabagi dabe Gernikako Segundo Olaeta udal musika eskolako arduradunek. Zapatuan, apirilak 29, izango da hitzordua, arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Jai-Alai pilotalekuan.
Pakea eta gerrea dira ikuskizun honen ardatz. Kontzeptu biak aurrez aurre ipinita, pakearen aldeko aldarria egiten dau, musikearen eta beste adierazpen artistiko batzuen bidez. Musika sinfonikoa eta korala entzun leitekez emonaldian.
Gernika eta inguruetako talde eta eskoletako artistak izango dira zapatuko protagonistak. Antolatzaileen esanetan, 300 musikari, abeslari eta jantzari batuko dira oholtzan. Disziplina anitzeko ikuskizuna izango dala ziurtatu dau Segundo Olaeta eskoleak. Artur Sustatxaren zuzendaritzapean, Segundo Olaeta Udal Musika Banda Sinfonikoak joko dau eta bertako abesbatzetakoek kantauko dabe.
Era berean, Gernikako Andra Mari Koralak, Bermeoko Abesbatzeak, Jose Maria Arregi koruak, Ondarroako Kantaize orfeoiak, Elai Alai jantza taldeak, Ross jantza eskoleak eta Berbalagun proiektuan dabizanek parte hartuko dabe.
Egitarauari jagokonez, aurten Gernika hileta-martxea entzun ahal izango da. Nemesio Etxanizen berbak eta Pablo Sorozabalen musikea dituan piezea da, hunkigarria, antolatzaileen esanetan. Horrezaz gan, ibilbide musikal luzea egingo dabe: Mozarten Lacrimosa eta Guridiren Eusko irudiak zein gaur egungo musikearen erakusgarri diran Deep Purple, Village People eta Queen taldeen kantuak.
Bakearen Doinuak ikuskizunera joateko sarrerak salgai dagoz, bost euroan, Gernika-Lumoko turismo bulegoan eta Auzokoa eta Etxarte tabernetan.
2017/04/29 19:30
Gernikako Jai-Alai pilotalekuanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!