Arratiako eta Galiziako ikasleen arteko trukea, Regueibertsoren bigarren edizinoan

Bizkaie! 2017-04-25 11:09   Bertsolaritzea

Asteburuan Galiziako gazteak etorriko dira Bizkaira eta, maiatzean, Arratia BHIko ikasleek joango dira Galiziara. Ahozko inprobisazinoa izango da topaketen ardatza.

Igazko Regueibertsoko une bat (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz sortu eban Regueibertso ekimena Bizkaiko Bertsozale Alkarteak. Lehenengo edizinoaren arrakastea ikusita, bigarren aldia egitea erabagi dabe. Euskerazko bertsoak eta galizierazko regueifak dira egitasmoaren oinarria, hau da, ahozko inprobisazino tradizionala. Hortik abiatuta, Arratiako eta Galiziako ikasleen arteko trukea egingo dabe, barikuan hasita.

Ekimenak euskerea zein galiziera indartzeko balio dauela dino Bertsozale Alkarteak. Era berean, gazte galiziarren eta euskaldunen arteko trukea sortzen da eta regueifaren eta bertsoaren arteko antzekotasunak eta desbardintasunak ikusi. Bizirik dagoan kultura bat, inprobisazinoarena, erakutsi nahi deutsiegu ikasleei, dinoe alkartekoek.

Aurten hiru ikastetxek parte hartuko dabe Regueibertson. Bizkaitik, Arratia BHIk. Galiziatik, eskola bik: Vila de Cruceseko IES Marco do Camballónek eta Zaseko IES Maximino Romero de Lemak. Lehenik eta behin, Galiziako gazteek egingo deutsie bisitea euskaldunei.

Apirilaren 28an, 29an eta 30ean, Galiziako 50 neska-mutil inguru egongo dira Bizkaian. Arratia BHIkoak ezagutu ez eze, hainbat jardueratan parte hartzeko erea izango dabe. Jarduera gehienak kalean izango dira eta, hortaz, edozein herritarrek ikusi ahal izango ditu. Barikuan Areatzan ibiliko dira gehienbat, zapatuan Zeanurin eta domekan, Ondarroan.

Barikuan, Galiziatik heldu barri, arratiarren bertso saioa ikusi ahal izango dabe gazte galiziarrek. Arratsaldean, kalerik kale ibiliko dira, Areatza ezagutuz: Kalejirak, afaria, kontzertuak eta abar izango dira. Ganera, regueifeiroen eta bertsolarien arteko oilar lehia antolatuko dabe.

Zapatuan Zeanuriko Jantzari Egunera joango dira bertsolari eta regueifeiro gazteak. Arratsaldean saioa egingo dabe alkarregaz. Amaitzeko, domekea Ondarroan pasauko dabe. Kalejirea, bazkari herrikoia eta kalerik kaleko bertso eta regueifak egongo dira.

Maiatzaren 11tik 14ra, ostera, arratiarrak joango dira Galiziara, 52 neska-mutil guztira. Han be, regueifagaz eta bertsolaritzeagaz lotutako jarduera ugaritan parte hartuko dabe eta Galiziako txokoak ezagutu ahal izango ditue.

Bertsolaritzea gaztetutako tradizinoa da, Bertsozale Alkartearen arabera, gazte ugarik lantzen dabe ikasgelan edo bertso eskoletan eta harrobia emoitzak emoten dabil. Galizierazko inprobisazinoaren, regueifaren, egoerea ez da horren ona. Desagertzear dagoan ohiturea da. Halandabe, ikastetxe batzuetan berau lantzen hasi dira gazteakaz, esaterako Regueibertson parte hartuko daben eskola bietan. Ikasleek bertako kulturan eta hizkuntzan sakontzea da regueifak hezkuntzan sartu izanaren helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu