Fermin Muguruzarentzat 2017ko Adarra Saria
2017-04-21 09:09 MusikeaBeste inork ez bezela erakutsi dauelako beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta geure kulturara ekarri ditu, euskerearen mundura.
Donostia Kulturak emoten dau saria, eta erakundeak adierazo dauenez, Fermin Muguruza eten barik dabil hemengo zein kanpoko estilo desbardineko talde eta musikariakaz alkarlanean eta musikearen bidez, munduko bazter guztietako artistakaz konpartidu ditu esperientziak; ganera, berebiziko gaitasuna dauka publiko gazteagaz komuniketako, eta euskal musikari gitxik bezela, bere ardura eta interesak eurei transmitidutea lortzen dau. Fermin Muguruzak bide barriak urratzen ditu, eta beti dabil bidelagun barrien bila, bidea alkarregaz egiteko.
Muguruzak jasoko dauen saria Marijose Rekalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da; lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat dauena, musikearen jatorria iradoki guran, adarrak natureagaz eta jatorrizkoagaz dauen zerikusia tarteko dala. Saria emoteko ekitaldia bagilaren 21ean izango da, eta ohikoa danez, sarituak kontzertua eskainiko dau, kontzertu berezia atondu dau Muguruzak, lehen aldiz bere errepertorioko kantu ezagunenak abestuko baititu Micaela Chalmeta Big Band – Taller de Musics de Barcelonak lagunduta.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu eben Adarra Saria, euskal musikearen arloan eragin bereziko ibilbidea egin dauen edo egiten dagoan artista bat, urtero, omentzeko. Lehenengo edizinoan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza-lanak jaso eban. Bigarrenean, Ruper Ordorikak. Igaz, barriz, Benito Lertxundik eskuratu eban.
Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdes musika produktoreak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osotutako epaimahaiak erabagi dauenez, Fermin Muguruzak jasoko dau aurtengo Adarra saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!