Euskal jantzeari eskainitako saila izango dau Kataluniako Sismògraf jaialdiak
2017-04-20 08:11 KultureaLau euskal konpainiak parte hartuko dabe Olot herriko jaialdiko Euskal erupzinoa atalean. Etxepare Institutuaren eskutik dator ekimena.
Sismògraf jantza jaialdia urtero antolatzen da Kataluniako Olot herrian. Aurten, bederatzigarren edizinoa, apirilaren 20tik 23ra bitartekoa izango da. Lehenengo aldiz, Euskal Herriko jantzagintzeari eskainitako atala izango dau, Etxepare Institutuak bultzatuta eta Euskal erupzinoa izenburuduna (Erupció basca, katalanez).
L'Erupció izeneko hori jaialdiaren atal bat da, jantzearen alderdi zehatz baten inguruan antolatzen dana. Estilo bat, konpainia bat, autore bat edo lurralde bat izan leiteke. Aurten, esaterako, Euskal Herria. Hortaz, Euskal erupzinoa bertoko jantzeari eskainitako zikloa izango da, euskal jantzearen elementuak Kataluniako publikoari hurreratzeko.
Etxepare Institutuak azaldu dauenez, ADDE (Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkartea) Oloten izango da euskal jantzagintzea ordezkatzen eta gure lurraldeko jantza ekosistemea aurkezten: sorkuntza guneak, euskal jantza profesionalen katalogoa, Euskal Herriko jaialdiak... Etxepare Institutuko kultura zuzendari Irene Larraza be han izango da euskal ordezkaritzeagaz batera.
Ganera, lau euskal konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira Oloteko Sismògraf jaialdian. Lokke eta Olatz de Andresen The Endgame; Natxo Monteroren Barbetxo; Sra. Polaroiskaren Lur Away; eta Brodas Bros eta Kukai konpainien artean sortutako Topa. Azken hori, Sismògrafen eta Leioako Umore Azokearen arteko koprodukzinoa da. Sala Torín gunean be euskal jantzeagaz lotutako ekintzak antolatuko ditue, Sismògraf martxan dagoan egunetan.
Arte eszenikoen atalean, Kataluniako azoka estrategikoetako bat da Olotekoa, Etxepareren arabera. Sortzaileen eta programatzaileen arteko topalekua da eta igazko edizinoan 15.000 parte-hartzaile batu ziran. Aurten, hainbat herrialdetako 200 programatzaile eta 40 konpainia baino gehiago egongo dira Sismògrafen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!