Basque Fest Bilboko Aste Santuaren dinamizatzaile bihurtu dala dino Udalak

Bizkaie! 2017-04-19 08:33   Kulturea

Ia 92.000 parte-hartzaile izan ditu ekimenak aurten, igaz baino % 26 gehiago. Basque Festeko igoera hori turismoan igarri dala dino Bilboko Udalak.

Aurtengo Basque Festeko ikuskizun bat, Guggenheim Museoaren aurrean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Apirilaren 12tik 16ra, musikea, gastronomia, herri-kirolak eta entretenimendua eroan ditu Bilboko kaleetara Basque Fest ekimenak, 200 ekintzaren bidez. Udalak dino oso arrakastatsua izan dala aurtengo edizinoa. Igaz baino bisitari gehiago egon dira eta, ondorioz, Aste Santuko jaiegunetan uria dinamizetako tresnea izan da Basque Fest.

Arenalean ipinitako Gourmet atalaren datuek erakusten dabe, uritar zein bisitariak gehien erakarten dituan gaietako bat gastronomia dala. Tailerrak eta erakustaldiak egon dira hor, besteak beste. Jatekoari eta edatekoari eskainitako txoko horretatik 45.000 bisitari baino gehiago pasau dira eta, hortaz, Basque Festeko eskaintzearen barruko atalik arrakastatsuenetako bat izan da. Express dastaketetan, 2.160 personak parte hartu dabe.

Herri kirolen inguruko erakustaldiak be hartu ditu Arenalak egunotan. Udalaren kalkuluaren arabera, 7.600 ikusle inguru batu dira erakustaldietan. Beste alde batetik, leku mugatudun jarduera gehienetan, leku guztiak bete dira edo betetear geratu dira. Itsas-ibilaldi antzeztuak, umeentzako antzerkia, Bilborockeko bakarrizketak eta abar dira horren adibide.

Kaleko animazinoari jagokonez, kalerik kale ibili dira hainbat artista eta 12.000 ikusle inguru batu ditue. Plaza Barrian erromeria eta Gernika ikuskizunaren emonaldia egon ziran, eta goraino bete zan. Aurten lehenengo aldiz, Artxanda mendira heldu da Basque Fest. Euskal erromeria egin zan bertan eta 450 lagun batu ziran. 

Bilboko Udalaren arabera, Basque Fest uriaren dinamizatzaile ekonomikoa izan da egunotan. Batetik, bisitari ugari erakarri ditualako. Turismo bulegoetan igoera nabarmena igarri dabe igazko Aste Santuagaz alderatuta. Bestetik, egitarauan parte hartzeko, 400 artista, aditu eta kirolari inguru kontratau behar izan ditue. Bilboko merkatari eta ostalarien jarduna be azpimarratu dau Udalak: 230 establezimendugaz lankidetzan antolatu da Basque Fest.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu