Euskal literaturea Bartzelonara helduko da, Literaldia jaialdiari esker

Bizkaie! 2017-04-18 13:01   Kulturea

Apirilaren 19an, eguaztena, hasita, euskal idazle ezagunek parte hartuko dabe Literaldiaren 13. edizinoan. Bartzelonako Euskal Etxea da antolatzailea.

Literaturea ez eze, musikea, marrazkigintzea eta beste hainbat disziplina batuko dira Literaldia zikloan aurten. Bartzelona euskal sorkuntzearen ardatzetako bat izango da apirilean eta maiatzean, Euskal Etxeak antolatutako jarduerei esker. Doban izango dira ekitaldi gehienak.

Bartzelonako Euskal Etxeak nabarmendu dauenez, Kataluniako publikoarentzat ezagunak diran artistak konbidau ditue aurtengo edizinora, baita horren ezagunak ez diran beste batzuk be. Holan, publiko kataluniarrak aurkikuntza ederrak egiteko aukerea izango dau. Ekitaldi gehienak dobakoak diran ezkero, Euskal Etxearen asmoetako bat indartu nahi dabe antolatzaileek, hau da, kulturea danen eskura ipintekoa.

Bihar, eguaztena, hasiko da jaialdia. Jabier Muguruza musikariak eta Bernardo Atxaga idazleak gidatutako El paraíso y los gatos errezitala entzun ahal izango da Esquerra de l'Eixample liburutegian. Akordeoiaren doinuak ipiniko deutsaz Muguruzak Atxagaren ahotsari.

Hurrengo hitzordua apirilaren 23an izango da. Liburuaren Nazinoarteko Eguna da hori eta, Sant Jordi be badanez, Katalunian esangura berezia dau fetxa horrek. Euskal Etxeko ordezkariak Rambletan egongo dira egun guztian, euskal literaturearen barri emoten.

Apirilaren 25ean, UAB unibersidadean, María do Cebreiro eta Eider Rodriguez idazleen arteko solasaldia egongo da. Egun berean, Agustí Centelles liburutegian, irakurle klub baten parte hartuko dau Rodriguezek. Gipuzkoarraren protagonismoa ez da hor amaituko, hilaren 28an Karramarroa antzezlana eskainiko da eta. Rodriguezen testuak dakarz obra horrek, baita Miren Agur Meaberenak be.

Maiatzean segiduko dau Literaldiako programazinoak. Miren Artetxek bertsolaritzea aurkeztuko deutso Kataluniako publikoari hil horren 4an eta, biharamunean, bertso saioa egongo da, Xabat Galletebeitia eta Ander Elortegi kantari dirala. Bestetik, Miren Agur Meabek errezitaldi eta ikuskizun batzuetan parte hartuko dau. Ziklo literarioaren barruan, euskal literaturearen hainbat alderdi aztertuko dira.

Kirmen Uribe idazlea eta Asisko Urmeneta marrazkilaria be Literaldian izango dira, maiatzean. Saio askotako gidari izango da, ganera, Aritz Galarraga, Katalunian bizi dan euskalduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu