Balorazino positiboa egin dabe Eskutartie azokako antolatzaileek
2017-04-18 11:39 KultureaBilboko Arenaleko artisautza azokearen zazpigarren edizinoan milaka bisitari egon dirala nabarmendu dau Arbaso alkarteak, baina pilaketarik ez dala egon.
Aste Santuko jai egunak aprobetxauta antolatu dabe Eskutartie artisau azokea Bilboko Arenalean. Eskulangileen produktuak ikusi eta erosteko aukerea egon da eta, ganera, erakustaldiak antolatu dira. Bertoko eta kanpoko milaka bisitari egon dirala azpimarratu dau Arbaso alkarteak eta, horri esker, Eskutartie erreferente bihurtu dala.
Zifra zehatzik ez dabe emon Arbasokoek, baina Eskutartieren zazpigarren edizinoak milaka persona erakarri dituala azaldu dabe. Bisitari ugari egon diran arren, jente pilaketarik ez da sortu, domekan izan ezik. Egun horretan, uneren baten jente gehiegi batu zan Eskutartieren karpan. Ganerako egunetan, ostera, erakusmahaiak gustora ikusteko moduko jente kopurua egon dala dino Arbasok. Horrek artisauen eta herritarren arteko kontaktua erraztu dauela ganeratu dau alkarteak.
Hamaika eguneko azokea izan da Eskutartie. Egunek aurrera egin ahala, bisitari kopuruak gora egin dau. Batez be, jai egunetan batu da jentea Arenalean. Salmentak be, handiagoak izan dira azken egunetan.
Bilbotarrentzat zein bisitarientzat erreferentzia da Eskutartie, urian egon dan inork be ez dau gure eskaintzea galdu nahi izan, adierazo dau Arbasoko lehendakari Beñat Vidalek. Publikoak artisauen lanaren kalidadea gogo onez hartu dauela uste dau Vidalek: Gure apustua barrikuntzearen aldekoa da.
Vidalen ustez, Eskutartieren arrakastearen giltzetako bat dira artisauek egiten dituen erakustaldiak eta tailerrak. Azokearen helburuetako bat dibulgazinoa da eta, horregaitik, Eskutartien parte hartu daben eskulangileek euren jarduerearen ganeko ekintzak antolatu ditue, zelako lana egiten daben erakusteko. Motozerraz egurra lantzeko erakustaldiak, esaterako, arrakasta handia izan dau.
Buztingintzea, gozogintzea eta abar landu ahal izan ditue bisitariek tailerretan. Zapi bat be diseinau da, herritarren aportazinoagaz. Era berean, umeentzako jarduerak egon dira Arenaleko karpan. Eskutartie azokearen zazpigarren edizinoan, 35 artisau egon dira, tartean 16 bizkaitar, hamar gipuzkoar eta hiru nafar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!