Monumentu eta Leku Historikoen Nazinoarteko Eguneko ekitaldiak Bizkaian

Bizkaie! 2017-04-18 09:58   Kulturea

Dobako jarduerak antolatuko dira Bizkaiko Foru Aldundiaren jaubetzako hainbat gune historikotan. Gerediagako baseleizea, ostera, zabalik egongo da zapatuan.

El Pobal burdinolea (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Apirilaren 18an ospatzen da, urtero, Monumentu eta Leku Historikoen Nazinoarteko Eguna. Hori dala eta, gaur martitzena, eta baita hurrengo egunetan be, jarduera bereziak antolatu dira Bizkaian. Plan berezien bidez, nazinoarteko egun horregaz bat egingo dabe Foru Aldundiaren menpeko museoek eta ondareguneek.

Alde batetik, apirilaren 22an, zapatua, ibilbide arkeologikoa antolatu dau Bizkaiko Arkeologi Museoak. Museoa bera eta Santimamiñeko kobea batuko dira ekimen berezi horretan. Goizeko 10:00etan bisitaldi gidatua egingo da Bilboko museoan, Museoaren hondoan erakusketea ezagutzeko. Lezikako kobazuloan, Santimamiñeko baseleizearen azpian, topautako errinozeroaren hazurrak dagoz ikusgai. Eguerdiko 12:00etan, ostera, Santimamiñen bertan, kobazuloaren kopia birtuala ezagutu ahal izango da. Arkeologi Museoan erreserbak egin leitekez bisitaldi bikotx horretarako.

Bestetik, Balmasedako La Encartada txapel fabrikeak dobako bisita gidatuak antolatuko ditu gaur (12:00). Hurrego domeka bietan, apirilaren 23an eta 30ean, Balmaseda monumentala ibilbide gidatua eskainiko da urian: Balmasedako eraikin historikoak zein txapel fabrikea erakutsiko dira. Bilbotik autobus bereziak egongo dira.

Muskizeko El Pobal burdinolan, ostera, erakustaldiak egongo dira hilaren 18an eta 20an. Zapatuan, burdinolan bertan, argazkigintzearen inguruko masterclass-a eskainiko dau Xabier Armendarizek, zortzi eta hamabi urte bitarteko umeentzat. Apirilaren 23an eta 30ean bisitaldi gidatuak egongo dira Muskizeko Muñatoiz gazteluan.

Gerediaga alkarteak be bat egin dau Monumentu eta Leku Historikoen Nazinoarteko Egunagaz. Egun ofiziala gaur dan arren, zapatura aldatu dabe ospakizuna Durangaldean. Zapatuan, hilak 22, Gerediagako baseleizea zabaldu egingo dabe, Durangaldeko historian daukan esangurea autortu eta Merinaldearen gobernuan garrantzia handia euki eben piezak erakusteko. Durangaldeko Merioaren makilea, zigilua eta eskribania ikusi ahal izango dira ermitan, baita antxinako eskuizkribuak be. Goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara egongo da zabalik.

Erakusketearen osogarri, Durangaldeko foruen eta Gerediagako ermitearen inguruko azalpena egongo da 12:30etan. Gerediagako foru-zelaiaren inguruan argitaratutako liburua doban emongo deutsie bisitariei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu