Bilbao Izan programako bisita gidatuak barriro hasiko dira maiatzean

Bizkaie! 2017-04-11 13:32   Kulturea

Bilboko Udalak azaldu dauenez, gerrek Santutxu eta Solokoetxe auzoetan itxitako aztarnak erakutsiko dira bisitaldiotan.

Bisita gidatua Solokoetxeko eskolatik pasauko da (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 19an 80 urte beteko dira faxistek Bilbo okupau ebenetik. Urteurren horregaz bat eginaz, Bilbao Izan programako ziklo barriko gaia gatazkek urian itxitako aztarnea izango da. Gerra Zibilak, bobardaketek eta beste gatazka historiko batzuek auzoetan itxitako arrastoa erakutsiko deutsie herritarrei. Maiatzean hasiko dira bisitak, Santutxu auzoan.

Oinezko ibilbide gidatua izango da maiatzekoa. Santutxuko Karmelo plazara igoteko eskaileretan hasiko da. Bilboko eraikin publiko asko gerrako zereginetarako egokitu zituen 1936an eta 1937an. Esaterako, kartzela bihurtu ziran asko. Espetxe ugari Zabalbide kalearen inguruan egozan (Larrinaga, Orue, Galera...), hau da, Santutxu eta Solokoetxe artean. Karmelo komentuak, ostera, ospitale txiki bat hartu eban gerra sasoian.

Umezurtzentzako egoitza bat egon zan Santutxun, baita gerreagaz lotutako beste azpiegitura asko be. Horreen guztien inguruko azalpenak emongo ditue bisitaldi gidatuetan, gaur egungo herritarrek gerra denporako estualdien barri izan daien. Bisita gidatuen bideoprogramea, hemen.

Maiatzaren 2tik 27ra egingo dira bisitaldiak, martitzenetik zapatura astero. Goizez eta arratsaldez egongo dira txandak, batzuk gaztelaniaz, beste batzuk euskeraz. Apirilaren 18tik emon ahal izango da izena, 94 401 00 10 telefono zenbakira deituta. Izena emotea doban da. Hori bai, txanda bakotxean 30 lagun sartuko dira gehienez.

Santutxun eta Solokoetxen ekingo deutso, beraz, Bilboko Udalak Bilbao Izan zikloaren denporaldi barriari. Hurrengo hileetan, beste auzo batzuetan be antolatuko dira bisita gidatuak. Uriko auzoetako ondarea eta historia erakusteko eta gizarteratzeko egitasmoa da Bilbao Izan. Udalak 2005ean ipini eban martxan ekimena eta gero eta parte-hartzaile gehiago ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu