Bermeoko Alde Zaharreko dendetan artelanak erakutsiko ditue
2017-04-11 10:06 KultureaHerriko merkataritzeari zein artistei bultzadea emoteko ekimena da. Hurrengo asteetan, Bermeoko 60 denda inguruk estilo ugaritako obrak ipiniko ditue.
Bermeoko Udalak, Berton merkatarien alkarteak eta Barrueta arte alkarteak antolatu dabe ekimena. Udaletxean aurkeztu dabe Bermeoko zinegotzi Irune Ormaetxeak eta Barruetako ordezkari Rosa Mari Gabantxok eta Gloria Aranburuk. Herriko dendei bultzadea emotea eta Bermeoko Alde Zaharra bizibarritzea dira helburuak, aurkezpenean nabarmendu dabenez. Horrezaz gan, inguruko artisten lana erakusteko be balio izango dau.
Bermeoko hainbat artistaren obrak erakutsiko dira dendetan, estilo eta formatu ugaritakoak. 60 denda inguruk egin dabe bat ekimenagaz. Bezeroek, denda horreetako produktuak erosteaz gan, herriko artisten lana ezagutu ahal izango dabe, eta arteagaz disfrutau.
Bisitariek, ganera, opari txikiak irabazteko aukerea izango dabe. Horretarako, fitxa bana bete beharko dabe, denden eta artelanen inguruko galdera errazak erantzunaz. Apirilaren 29an, Bermeoko lora lehiaketearen egunean, banatuko dira sariok.
Irune Ormaetxea zinegotziak azpimarratu dauenez, ekimen polita da, Alde Zaharreko dendetan erosteagaz batera herriko artisten artelanak ezagutzeko aukerea emoten dauelako: Herriko merkataritzea eta artea bultzatzen doguz, eta Alde Zaharra indartzen dogu. Herritar guztiei dei egin deutse Ormaetxeak erakusketa berezi hau ezagutzera.
Apirilaren 7an hasi ziran artelanak dendetan ipinten. Bermeoko Udalak azaldu dauenez, hilabete inguruan egongo dira ikusgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!