Kontrastez betetako diskoa dakar Hara! taldeak
2017-04-06 12:39 MusikeaOndarroako hirukotearen lehenengo lana da Adikzioak, minak eta desirak (Baga Biga). Diskoko zazpi abestietan une gogorrak eta leunak tartekatu ditue, beti rocka oinarri.
Talde barria da Hara!, 2016ko martian sortua. Baina hiru taldekideak beteranoak dira musikearen munduan, proiektu honetan hasi aurretik beste talde batzuetan ibili ziran eta (Keike, Xarma...). Zazpi abesti dakarz Hara!-ren lehenengo diskoak, kontraste handikoak eta estilo bakar batera mugatu barik.
Abestietako berbetan agirikoa da kontraste hori. Maitasuna, mina, adikzinoak, desioak, politikea eta abar sartu ditue. Hara!-ko kide Jon Kirru Iparragirrek azaldu dauenez, izenburuko hiru elementuak (adikzinoak, minak eta desirak) kanta guztietan dagoz.
Musikeari jagokonez, rock doinuak dira oinarria. Baina alderdi horretan be badagoz kontrasteak. Kantuen gogortasuna ikutu lasaiagoakaz leuntzen dabe Hara!-koek. Hainbat estilotako doinuak dagoz diskoko zazpi kantetan: Punk, hardcore, grunge... baita pop-a be. Ez dogu etiketa bakar baten geratu nahi izan, azaldu dau Jon Kirru Iparragirrek. Ez deutsie diskoari osotasun uniforme bat emon nahi izan, kanta bakotxari begiratu deutsie.
Taldea igaz sortu bazan be, orain dala bost urteko ideak dira kanta batzuen abiapuntua. Iparragirrek etxean grabau zituan eta, ondoren, Hara! sortu zanean, taldearen errepertorioan sartzea erabagi eben. Kanta batzuk personalagoak dira, neuk egindakoak, baina beste batzuk kolektiboak dira, azaldu dau Iparragirrek. Hasikera baten, diskoan sei kanta sartzea zan asmoa, baina Azken argia itzaltzean azken orduan sartu eben. Gure artean giro ona dago, abestiek erraz urteten dabe, dinoe taldekideek.
Kolaborazinoak be izan ditue diskoko abesti batzuetan. Keu Agirretxeak Agian kantearen amaierako gitarrearen konponketak egin ditu. Governorseko Juan Sangrek Hiztegi Mutuak abestian kantau dau eta Garoa Arizmendik Azken argia itzaltzean izenekoan. Kanta horretan bertan, Aritz Sagarmendiren baxua entzun leiteke.
Adikzioak, minak eta desirak Hara!-ren lehenengo diskoa dan arren, emoitzeagaz gustora geratu dira taldekideak. Gogotsu dagoz kontzertuak joteko eta kanta gehiago sortzeko. Musikearen harra barruan dogu, dino Jon Kirru Iparragirrek. Mutrikuko AME estudioan grabau dabe Adikzioak, minak eta desirak eta Estanis Elorzarena da masterizazinoa. Diseinua Andere Etxegaraik egin dau.
Zuzeneko emonaldiak laster hasiko ditue eta, Iparragirreren esanetan, udan kontzertu asko emoteko asmoa daukie. Oraingoz, lotuta daukien lehenengoa maiatzaren 6an izango da, Berriatuan. Ondoren, Mutrikun, Elorrion eta abar joko dabe. Ondarroako jaietan be ez dabe hutsik egingo.
Agian kantearen bideoklipa, ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!