Errentan hartutako bizikleten kaosa Txinan

Zigor Aldama 2017-04-06 10:21   Bidaide

Altxorrari sekulako etekina atera deutsie Mobike eta Ofo enpresek Txinatik kanpo be negozioa zabaltzeko, Singapurretik AEBetara.

Autortu egin behar da idea bikaina dala. Zerbitzua emoten eta mantenimendu gitxiko bizikleta sendoak, errubera gogorrekoak, katerik bako transmisinodunak eta jarleku eta eskuleku finkoagaz, agintzen dituen enpresek milaka ibilgailu ditue urian. Ez dabe aparkaleku berezirik behar, edozein bazterretan itxi daitekez. Bizikletak geolokalizazinorako gps eta Internet konekzinodunak dira eta, beraz, erabiltzaileek modu bi ditue ibilgailuok errentan hartzeko: alde batetik, bizikleta bat topau ezkero, smartphone edo eskuko telefonoagaz QR kodea eskaneau eta giltzarrapoa berehala edegiten da; bestetik, bizikletea hur ez badago, aplikazinoari esker hurren dagoan bizikletara eroango gaitu eta 15 minutuko tartea izango dogu erreserbea egiteko. Bidaia amaitzen dogunean, beren-beregi atondutako lekuan itxi eta giltzarrapoa zarratu egingo da. Aitatu aplikazinoa oso erabilgarria da eta joan-etorrietan gastautako kaloria kopurua be zehazten dau.

Mobike izan zan zerbitzua abiarazo eban lehenengo etxea. Shanghain hasi ziran igaz eta aurerago, barriz, izen arraroduna baina letrakaz bizikletan doan personearen etxurea dakarren Ofo izan zan unibersidade giroetan zerbitzua emoten hasi zana. Gauzak holan dirala, 2016ko amaieran, Txinako uri handi gehienak naranja edo limoi koloreko eta beste kolore batzuetako bizikletakaz bete ziran. Motordun gailuen zale amorratuak izan arren, txinatarrak berehala hasi ziran errubera biren gainean ibilten. Askoren eretxiz, denpora tarte laburean bizikletak eta bizikleten inguruko filosofia kapaz izan dira herritarren ohiturak aldatzeko. Wang Feifei da horreetako bat: Bizikletok oso onak dira egunero lanera joateko baina ez, ostera, distantzia luzeak egiteko; metro edo autobus geltokitik bulegora arteko bidea egiteko oso aproposaka dira. Ekonomista lanak egiten ditu Txinako banku batean eta kotxea aspaldi baztertu eban. Metroan bata bestearen gainean zoaz eta orain denpora gitxiago behar dot lanera heltzeko eta horrezaz gan, kirola egiten dot. Gitxiago gastetan dot eta ez dot denporarik alperrik galtzen aparkalekua topetan, enpreseak ez deustalako holakorik eskaintzen.

Wang jn.arentzat bidaia turistikoak be oso onak dira holako bizikletak erabilteko: Alde batetik bestera, taxirik hartu barik egin zeinke eta bizikleta ofizialakaz okasinorako atondutako aparkaleku bereziak behar badira be, kasu honetan ez da holako burukominik izaten. Tenplu batetik merkataritza gune batera diru gitxi gastauta eta askatasun handiagaz egin zeinke. Edozein astegoienetan uri handi batean atzera eta aurrera oinez ibiltea lakorik ez dago; txinatarrek bizikleta adimendunak erabilten ditue aisialdian paseoak emon eta argazkiak egiteko, horixe baita cool.

Bidaia 5 maos eta 1 yuan (eurotan 6 eta 12 zentimo) artekoa baino ez bada be, inbersinogileek negozio aukerea ikusi eben eta itsu-itsuan dirua sartu eben sektorean. Gaur egun, telefono adimendunen bitartez errentan hartzeko bizikleten negozio jorratu barriak sortarazoten dauen dirua upelakoa da: honezkero, zerbitzua eskaintzen daben hogeita hamaren bat enpresa dagoz, mila miloe dolarreko kopurua batu dabenak eta kaleetan miloe bi bizikleta inguru ibiliko dira; laster 500.000 baino gehiago izango dira Shanghain. Mobike etxeak, berbarako, 300 miloe erabiltzaile ditu eta Ofo etxeak, barriz,hamar miloe bidaia kudeatu izan ditu egun bakarrean eta dagoeneko mila miloe dolarreko balioa dauka enpreseak.

Baina Txinan zeozerk erantzun ona izaten dauenean, ondorio ezkorrak be arin pilatzen dira; Shanghai, Pekín, Chengdu, Guangzhou edo Shenzhen lako urietan oinez dabilen edozeinek ikusiko dau, eskaintzea eskaerea baino sano handiagoa da eta, beraz, bizikletok pilatu egiten dira sarritan eta oinezkoen eta motordun ibilgailuen zirkulazinoan arazoak be izaten dira.

Horrezaz gan, erabiltzaile askoren eta enpresen euren gizatasun eskasak kaosa eragin dabe. Errekatan be agertu dira bizikletak eta lehian diran enpresen artean ez dago bakerik. Kasu batzuetan apropos hondatu ditue konpetentziaren QR kodeak erabltzaileek desblokeau ezin deiezan, beste batzuetan kateaka lotu izan ditue geldi egon daitezan eta lapurrak be negozioa egiten dabiz erruberakaz. Kalte handi zein txiki horreek dituen bizikletak pilatu egiten dira urietako bazter auzoetan eta asko dira dinoenak sistema barriak eragin zuzena izan dauela kaleko seguridadean. Oraintsu Ofo enpresako bizikleta bategaz joian ume bat hil egin zan ezbehar batean (erabiltzaileak gitxienez 12 urtekoak izan behar dira) eta herritarrak oso hasarre dagoz.

Gauza jakina zan eta agintariek be esku hartu behar izan dabe. Shanghaikoak lehenengoak izan dira neurriak hartu dituenak sektorea arautzeko helburuagaz. Ezer baino lehen, txarto aparkautako milaka bizikleta erretirau eta enpresei eskatu deutse argi adierazoteko zeintzuk diran bizikletok aparketako galarazotako lekuak. Beste alde batetik, enpresok errubera biko ibilgailuekaz uriak bete ez deiezan, zirkulazinoan dagozan ehun bizikleta bakotxeko teknikari bat egotea eskatu dabe. Era berean, ibilgailuak hiru urterik behin aldatzeko eskabidea egin dabe.

Azken buruan, erabiltzaileen seguridadeari eragingo deutsiezan baldintza eta neurriak ditue berbagai; berbarako, altuerea ez daitela izan 1,45 metro baino txikiagoa, ezta 1,95 metro baino handiagoa eta pisua 100 kilobaino txikiagoa izan daitela. Aitatu neurriok ziurtatzeko ze bide erabili zehaztu barik dago oraindino baina gauza jakina da Txinak arauak iragartzen dituanean, zigorrak be etorriko dirala. Konpetentzia oso gogorra da eta enpresa batzuetako arduradunek ahal daben guztia egiteko kapaz dira merkatuan lekua egiteko. Baina aparkalekutzat hartutako guneen mantenimendua ezin da izan gizartearen ardurea adierazo dau 24 miloe bizilaguneko uri honetako Udalak.

Edozelan be, arriskua ez dago kaminoetan bakarrik. Adituen eretxiz, upealako igoerearen ondoren, sekulako beherakadea etorri daiteke; prezioak 1 mao-ra etorri dira (eurotan 1,3 zentimo) ordu erdi bakotxeko eta enpresak dirua erabilten dagoz bizikleton erabilerea sustatzeko. Mobike etxeak, berbarako, 2,7 yuan eskaintzen ditu 0,5eko kostua izan dauen bidaian eta kasu askotan normala izaten da bidaia doban egin ahal izatea.

Negozioa, erregistroa egin behar danean, erabiltzaileek pagau behar daben fiantzea ei da, 99 eta 299 yuan bitartean (13,3tik 40 eurora). Dirutza handia da hori miloeka diralako erabiltzaileak eta errenta onak hartu daitekezalako finantza produktuak erosteko. Baina Gobernuak arauen zirriborroan argi adierazo dau dirua irabazteko modu horri mugea jarri gura deutsola eta gordailu horreek bueltan ekartea errazagoa eta gardenagoa izan daiten. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu