Rikardo Arregi kazetaritza sariaren 29. edizinoa aurkeztu dabe
2017-04-03 13:11 KultureaAndoaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzearen babesagaz, antolatzen dau urtero lehiaketea. Atal bi daukaz: Sari nagusia eta kazetari gazteena.
Euskerazko kazetaritzea bultzatu eta indartzeko asmoz, azken urtean agertutako kazetaritza lanak sarituko ditu Rikardo Arregi lehiaketeak. Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta eta Andoaingo Udaleko Euskerearen Normalizazinorako zinegotzi Ainara Rodriguez Zalakain izan dira sariaren aurkezpenean, Donostian. Unai Oiartzun, igazko Kazetari Barria sariaren irabazlea be egon da.
Aurkezpenean nabarmendu dabenez, euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. 2016ko maiatzaren 7tik 2017ko maiatzaren 7ra egin diran kazetaritza-lanek parte hartu leikie. Idatzizkoak ez eze, ikus-entzunezkoak zein irratikoak izan leitekez hautagaiak. Euskerazko piezak izatea da baldintza nagusia.
Lehiaketea atal bitan banatuko da: Batetik, sari nagusian, baldintzak beteten dituan edozein kazetarik aurkeztu leike bere lana. Bestetik, Kazetari Barria sailean, 27 urtetik beherakoen lana hartuko da aintzat. Era berean, epaimahaiak Sari Berezia emon ahal izango dau, aitamen berezia merezidu dauen beste lan azpimarragarriren bat egon ezkero.
Sari nagusiaren irabazleari 9.000 euro emongo deutsiez antolatzaileek eta, Kazetari Gaztea atalekoari, 3.000. Era berean, Xabier Lakak egindako eskulturea jasoko dabe irabazle guztiek. Sari Berezia emongo balitz, Xabier Lakak egindako serigrafia jasoko leuke irabazleak.
Lanen proposamenak maiatzaren 14a baino lehen bialdu behar dira Andoaingo Udalera. Epaimahaikideak Goio Arana, Marijo Deogracias, María Gonzalez Gorosarri eta Xabier Landabidea izango dira. Garagarrilaren 8an jakin eragingo da epaimahaiaren erabagia, Andoaingo Bastero Kulturgunean izango dan ekitaldi berezi baten.
Euskerazko kazetaritzeak hizkuntzearen normalizazino prozesuan dauen garrantziaz konturatuta, 1988an sortu eban Andoaingo Udalak Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Euskal idazle, kazetari eta kultura eragilea izan zan Rikardo Arregi andoaindarra. Idazle argi, sakon eta zorrotza izan zan, baita kazetari barritzailea be. Euskalduntze mobimenduaren aitzindarietako bat izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!