Bilboko Injinerutza Eskolako Formula Student taldea nazinoarteko hiru lehiaketatan egongo da aurten

Bizkaie! 2017-04-03 11:08   Kulturea

Alemaniako Hockenheim zirkuituan lehiatzeko aukeratu dabe Bizkaiko ikasleek diseinautako autoa. Kategoriako zirkuiturik gogorrenetako bat da.

Formula Student Bizkaia taldearen autoa, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUren Bilboko Injinerutza Eskolako Formula Student Bizkaia taldearen lan onak emoitzea euki dau eta, lehenengo aldiz, nazinoarteko hiru lasterketatan lehiatuko da aurtengo denporaldian. Ingalaterrako Silverstone eta Kataluniako Montmeló zirkuituetan parte hartzeko txartela lehendik euki dabe Bizkaiko injineru gazteek. Alemaniako Hockenheimen egoteko gonbidapena be lortu dabe oraingoan.

Formula Student kategoriako lasterketarik gogorrenetako bat da Hockenheimekoa. 22 herrialdetako 115 taldek parte hartuko dabe, abuztuan. Formula Student Bizkaia unibersidadeetako motor-taldeen artean finkatuta dagoala erakusten dau horrek. 2008an Ingalaterran debuta egin ebenetik, bizkaitarrek ez dabe urte baten be huts egin.

Garagarrilaren 20tik 23ra jokatuko dan Formula Student UK lasterketan ekingo deutso denporaldiari Bizkaiko taldeak, Silverstonen. Zirkuituko proba zaharrena dan horretan, 24 herrialdetako 118 auto lehiatuko dira, tartean Bilboko Injinerutza Eskolakoek diseinautako monoplazea. Abuztuaren 8tik 13ra Alemaniako Hockenheim zirkuituan izango dira bizkaitarrak eta, hil horren 17tik 22ra, Bartzelonan.

Nazinoarteko lasterketa horreetan, autoak pistan ikusteaz gan, euren diseinuaren nondik norakoak ezagutzeko aukerea egongo da. Izan be, hainbat proba estatiko pasau beharko ditue parte-hartzaileek eta baita ikuskapen teknikoak be. Ibilgailu bakotxa seriean fabriketea bideragarria dan be aztertzen dabe antolatzaileek.

Bizkaiko taldeak, urterik urte ikasleek diseinuan sartutako aurrerapen guztiak dituan ibilgailu elektrikoagaz parte hartuko dau: karbono zuntzez egindako kasko bakarreko txasisa edo 0tik 100 km/h-ra 4 segundo baino gitxiagoan pasetan dan motor elektriko bikotxeko sistemea ditu, besteak beste. Hileon, FSBizkaiak monoplaza barria muntatzeko fasea amaitu dau.

Formula Student Bizkaian 40 ikasle dagoz. Erdiak Industria Teknologikoaren Gradukoak dira, beste erdiak injinerutzeagaz lotutako beste alor batzuetakoak. Injinerutza Eskolako lau irakaslek zuzentzen dabe taldea. 2006an sortu zanetik, nazinoarteko 15 lasterketatan parte hartu dabe Bizkaiko injineruek diseinautako autoek. Ikasleak lan mundurako preparetako tresna egokia da Formula Student, EHUren ustez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu