Oihane Pereak irabazi dau 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketea
2017-04-03 08:43 BertsolaritzeaOihane Perea da txapeldun, Asier Otamendigaz buruz burukoa kantau ondoren. Oihane Pereari Karla Santistebanek jantzi deutso txapela.
Gasteizko Printzipal Antzokian batutako 600 lagun ingururen aurrean, zapatu arratsaldean, Gasteizen jokatu zan Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Oholtzan, Arabako bertso eskolen sarea irudikatu gura eban amaraunaren pankartearen aurrean ondoko sei bertsolari honeek: Manex Agirre (Aramaio), Iñaki Viñaspre (Abetxuko), Oihane Perea (Zalduondo), Serapio Lopez (Baranbio), Xabi Igoa (Aramaio) eta Asier Otamendi (Gasteiz).
Nieves del Alamo aurkezle eta Aintzane Irazusta gai-emoileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak amaituta, Oihane Perea eta Asier Otamendi pasau ziran buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Oihane Perea nagusitu zan eta 2017ko txapelduna da. Beraz, 2007, 2009, 2013an txapela irabazi ondoren bere laugarren txapela da 2017ko hau.
Finaleko epaimahaian 5 epaile izan dira: Patxi Aizpurua, Ainhoa Aizpurua, Aitor Jimenez eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan, barriz, Esti Zengoitibengoa ibili da. Holan puntuau zituen 6 bertsolariak:
Oihane Perea, 591.50 puntu
Asier Otamendi, 590.50 puntu
Manex Agirre, 390.00 puntu
Xabi Igoa, 384.50 puntu
Iñaki Viñaspre, 380.50 puntu
Serapio Lopez, 372.0 puntu
Puntuazino tarte txikiak, beraz, 6 bertsolarien artean. Sailkapen honen arabera, lehenengo bi bertsolariek 2017ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian kantetako txartela irabazi dabe; udagoienean hasiko da Txapelketa Nagusia.
Karla Santistebanek jantzi deutso txapela Oihane Pereari. Karla 1946an jaioa Arabako bertsolaritzearen sustatzailea izan da. 1982an, Arabako lehenengo bertso-eskolea sortu eban, Aiaraldekoa. Ordutik antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da. Urte askoan lan isila egin dau.
Hona hemen Karla Santistebanek kantau eban bertsoa:
Oihane, neska, zorionak
jaso txapel ta ohoreak,
baita hemen zagozienok,
zarielako hobeak,
Araban lehen bertsoak,
Lazarraga idazleak,
biba guardia zaharreko
bertsolari ta zaleak
8 eskualdetako
gogoz dabizen taldeak,
euskaltzale porrokatu,
euskaldunberri trebeak
bertsolaritzan gazteok
euskarri ta zutabeak,
gora Aiarako kimuak
ta Arabako loreak!
parkatu eta mila esker
Ibai eta Bego maiteak.
Kontuak kontu, eskerrak luzatu nahi deutseguz, txapelketan parte hartu daben bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta txapelketa osoan laguntzaile izan doguzan bertsozaleei, bertso-eskolei, txapelketea hartu daben udalei, babesle, laguntzaile zein hedabideei...
Bertsolari bakotxak ariketa desbardinetan lortutako puntuazinoak, gaiak eta argazkiak hemen ikusgai dagoz.
Oihane Perea txapeldunaren amaierako agurra:
Iratxe ta Samaniego
zatitxo bat erdibana,
Lautadako bertso-eskola
gauean badugu plana!
Ta zuei bertsozaleak
hori indarra, hori xarma,
nik pixka bat sufritu dut
bai aste honetan barna,
ospitalean daukagu
gure etxeko armiarma,
gogoaren indarra da
entregatzen ez den arma,
gaurko honetan txapelak
Maitetxo izena darama!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!