Bermeoko historia ezagutzera emoteko, QR kodeak ipini ditue informazino paneletan
2017-03-31 13:34 KultureaHerriko leku esanguratsuetan bederatzi panel jarri zituan Bermeoko Udalak eta, orain, QR kodeak gehitu ditu. Bideoak deskargau leitekez horri esker.
Ibilbide interesgarriak proponiduten ditue bederatzi panelek eta, aldi berean, Alde Zaharrera sartzeko gonbidapena egiten deutsie herritar zein bisitariei. Orain, beste pausu bat egin gura izan dau Udalak, panel horreetan QR kodeak jarrita. Horri esker, bisitariek eta herritarrek Bermeoko historia, ohitura eta jaiei buruzko bideo txikiak ikusteko aukerea izango dabe.
QR kodeak eskuko telefono adimendunetarako irudi bereziak dira. Jagokon aplikazinoa instalauta euki ezkero, telefonoaren kamerea QR kode horretara zuzendu besterik ez da egin behar, eta telefonoan bertan hainbat eduki agertzen dira. Kasu honetan, Bermeoko historiaren eta ondarearen inguruko bideoak.
Bideo horreek panel bakotxa kokatuta dagoan lekuko historia edo gure herriko tradizino, ohitura eta jaiak erakusten ditue era original baten, azaldu dau Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo zinegotziak. Bisitari zein herritarrentzat bideo erakargarriak dirala dino, iraupen laburrekoak.
Panelak, eta beraz QR kodeak, honako lekuetan dagoz: San Juan Portalen, Prantzizko Deuna Atean, Gaztelun, Torronteron, Portuzarran, Baztarren, Talan, Goiko Plazan eta Gaztelugatxeko Donienen.
Turismo zinegotziak ganeratu dauenez, paneletan toki bakotxeko informazinoa emoten da era erakargarrian, argazki bategaz batera. Horrezaz gan, plano batzuk be badagoz paneletan eta, bertan, beste panelen kokapenen barri emoten da, bisitariek kalerik kaleko ibilbide interesgarria egin ahal izan daien. Aurrerantzean, QR kodeei esker, informazino hori bideo bidezko irudiakaz osotuko da, Irune Ormaetxeak gogoratu dauenez.
Panelen eta QR kodeen bidez osotutako ibilbide horrek aukera parebakoa eskaintzen dau, gure herria, gure kaleak eta txoko politenak ezagutzeko, adierazo dau Ormaetxeak. Hortaz, gura daben guztiak konbidau ditu panelen ibilbidea egitera eta Bermeoko paisaiaz eta historiaz disfrutetera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!