Pierre Huygue-ren bideoa erakutsiko dau Bilboko Guggenheim Museoak

Bizkaie! 2017-03-30 13:04   Kulturea

Garagarrilaren 16ra arte egongo da Film & Video aretoan (Titulurik gabea) Giza maskara izeneko ikus-entzunezko artelana.

Pierre Huygueren bideoko une bat (irudia: Bilboko Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

2014an zabaldu zanetik, ikus-entzunezko bitartekoen bidez sortutako piezak erakusten ditu Film & Video guneak, Guggenheim Museoko 103. aretoan. Honako hau, hamargarren lana izango da. Pierre Huygue autorea frantziarra dan arren (Parisen jaio zan, 1962an), Japonian kokatutako bideo laburra aurkeztu dau Bilbon.

(Titulurik gabea) Giza maskara 2014an grabautako bideoa da, (Untitled) Human mask jatorrizko izenburuagaz. Japoniako sake-etxe bateko bezeroak entreteniduteaz arduratzen ziran tximino biren istorioa da abiapuntua, Hughesek bertatik bertara ezagututakoak. Paisaia idor bat ikusten da irudietan, Fukushimako hondamendi nuklearra jazo eta gitxira. Bertan dabil pertsonaia misteriotsu bat, maskara tradizional japoniarra arpegian, emakumearen ule-ordea buruan eta eskolako uniformea soinean.

Pertsonaia hori tximinoa dan arren, gizatasun anbiguo bat dakar gogora. Errealidadea eta gizakiaren izakerea aztertzeko, dekoratu irrealak eta animaliak erabili ditu Huyghek bideoan. 22 minutuko koloretako filma da, soinuduna.

Manuel Cirauqui da komisarioa. Bideoaren aurkezpenean azaldu daenez, Pierre Huygueren lana lehenengoz ikusi ahal izango da Espainian. Garagarrilaren 16ra arte egongo da Guggenheim Museoko 103. aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu