Uribe Kostak eta Busturialdeak jokatuko dabe Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako finala

Bizkaie! 2017-03-29 08:09   Bertsolaritzea

Durangon jokatutako bigarren finalaurrekoan, Uribe Kostak Uribe Butroeri irabazi deutso. Barikuan, hilak 31, izango da BBK Txapelketako finala, Bilboko BBK Salan.

Durangoko saioko irudi bat (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolari Gazteen BBK Sariketako 25. edizinoari azken saioa baino ez jako faltau, final handia. Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan jokatu da azken finalaurrekoa eta, hortaz, erabagita geratu da nortzuek jokatuko daben finala: Busturialdea eta Uribe Kosta izango dira, nor baino nor, txapelaren bila.

Durangoko saioan, Uribe Kostako taldeak 394 puntu batu ditu eta Uribe Butroek, 374,5. Beñat Vidal izan da gai-jartzailea eta epaimahaian honeek egon dira: Juango Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristi. Idazkaria, Ione Narbaiza izan da.

Uribe Kostako seikotean, honeek bertsolariak egon dira Durangoko finalaurrekoan: Irene Ezkurra, Aritz Landeta eta Unai Mendiburu 18 urtera artekoen mailan; eta Paule Loizaga, Inazio Vidal eta Kerman Diaz 24 urtera artekoetan.

Uribe Butroeren partetik honeek egon dira oholtzan: Txomin Aiartza, Ainhoa Gorostiaga eta Iker Larizgoitia gaztetxuetan; eta Jone Larrinaga, Peru Berazategi eta Malen Amenabar nagusietan.

Barikuan, martiak 31, Bilboko BBK Salan jokatuko da BBK Txapelketako finala. Joan dan asteko Zallako finalaurrea irabazita joango da Busturialdea. Uribe Kosta izango dau aurrez aurre, Durangon saioa irabazi barri dauen taldea. Finala 19:00etan hasiko da eta sartzea doban da.

Aurtengo BBK Txapelketea berezia da, 25. edizinoa dalako. 1993an ekin eutsien BBK-k, Ikastolen Alkarteak eta Bizkaiko Bertsozale Alkarteak sariketea antolatzeari, bertsolaritzan hasten ebizan neska-mutilei plazak emoteko eta gazteon arteko sarea sortzeko asmoz. Edizino biribil hau ospatzeko, txapelketan noz edo noz parte hartu dabenei BBK Salako finalera joateko deia egin deutsie, danen talde argazkia ateratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu