Asier Amondo: '1980ko medioakaz, gaur egun pentsaezina litzateke Korrika antolatzea'

Dabi Piedra 2017-03-27 08:38   Barriketan

Korrikako koordinatzailea

Edizino biribila beteko dau aurten Korrikak, 20. aldiz egingo dabe euskerearen aldeko lasterketea. 1980an lehenengo Korrika antolatu ebenak omenduko ditu AEK-k, hareen ekinari esker sortu zalako euskerearen aldeko ekitaldirik jentetsuena. BatZuk lelopean, martiaren 30ean hasiko da Korrika Otxandion eta apirilaren 9an amaitu, Iruñean. Korrika hasteko bezperetan, Asier Amondo koordinatzaileak azken prestakuntzen barri emon deusku eta aurtengo edizinoko berezitasunak azaldu.


1.- Hilaren 30ean, eguenean, hasiko da Korrika 20. Egun hori hasteko gogotsu zagoze antolatzaileok?


Bai, egun honeek beti bizi izaten doguz urduritasunez, urte osoko lana orain ikusiko da. Zoramena, urduritasuna... egoten da, dana hor hur-hurrean ikusten dozulako. Orain azken zertzeladak preparetan gabiz, eta martiaren 30a noz helduko gagoz, jaia eta euskerearen aldeko aldarria herririk herri eroateko.


2.- Halandabe, azken ordurako ez dozue ixten antolakuntzea. Prozesu luzea da Korrika antolatzea, ezta?

Bai, prozesu zabala da. Esaterako, orain, Korrika hau amaitu eta arnasa apurtxu bat hartuko dogu eta balorazinoetan sartuko gara. Baina bagileko batzarrean erabagiko dogu non hasi eta non amaituko dan hurrengo edizinoa. Urriaren inguruan hasten gara mezuari eta omenduei buelta batzuk emoten, martian behin betiko aukeraketea egin aurretik. Hurrengo ikasturtean, 2018-19an, barriro Korrika urtea izango danez, barriro sortuko doguz lantaldeak, buru-belarri hasiko gara Korrika antolatzen, herrialdeak dinamizetan eta abar.


3.- Aurtengo Korrika biribila izango da, 20. edizinoa dalako. Hamarkada bi bete izana berezia da euskalgintzan eta, batez be, AEKn?

Euskal Herrian gauza gitxi heldu dira 20 edizino egitera. Inportantea da zenbakiak kontuan izatea: 20 Korrika dira, 37 urte. 1980an hasi ginan, 2017an gagoz, eta euskerearen aldeko aldarria oraindino bizirik dago. Euskerearen normalizazinoa ez da heldu % 100era eta guk normalizazino horretan urratsak emon nahi doguz. Horretarako, Korrika sustapen tresna ona da, tresna oso inklusiboa da. Alde horretatik, Korrika altxor bat da.


4.- Euskerearen aldeko sokea ez dala eten esan nahi dau Korrikaren 20. edizinora heldu izanak?

Alde horretatik, positiboa da, euskerearen lekukoa belaunaldiz belaunaldi pasau dalako. Ganera, ikusten dogu orain dala 37 urteko jentea oraindino badabilela gauza askotan laguntzen. Jente barria be batu da. Aurrera egin nahi dogu euskerearen alde eta, horregaitik, Korrikak ez dauka etenik eta hemendik urte batzuetara segiduko dau bizirik.


5.- 1980an Korrika sortu eban taldea omenduko dozue. Zelako ekarpena egin eban jente harek?

Aurten omenduetako batzukaz berba egiteko subertea izan dot eta eurek azaldu deustenez, hasikeran asmo ugari egozan: Aztertu zan Araba Euskaraz edo Ibilaldiaren erako zeozer egitea, hau da, leku baten jaia antolatu eta bertan zentralizetea. Beste asmo bat zan lasterketa erradiala egitea, hainbat zutabegaz, gero leku baten alkartzeko. Azkenean, baina, erabagi eben Euskal Herri osotik ibiliko zan lasterketa bat egitea, geratu barik, aldarria herririk herri eroango ebana. Nik beti esaten dot, urte hareetakoa artisau lana zala. Gaur egun, zorionez, teknologia barriei esker, gauzak errazago egin leitekez. Baina orduko haretan pentsau ebena zorotzat hartzeko modukoa zan. 37 urte geroago, hemen gagoz.


6.- Gaur egungo azpiegiturek eta teknologiak asko aldatu ditue Korrikako baldintzak?

Bai, pentsau behar dogu sasoi haretan sakelako telefonorik ez egoala, posta elektronikorik be ez, eta argazkiak ezin ziran horren erraz bialdu. Lasterketeagaz kontaktua egiteko, emisoreak erabiltzen ziran, 1980ko medioakaz gaur egun pentsaezina litzateke Korrika antolatzea. Gizarteak be aurrera egin dau, teknologia barriek asko laguntzen dabe. Baina orduko haretan, zorotzat hartu zituen.


7.- Jente asko ibili zan Korrikaren lehenengo edizinoan laguntzen. Omenaldia zelan gauzatuko dozue?

Arakatzen ibili gara, lehenengo Korrika Batzordean nortzuk egon ziran ikusteko. 15 laguneko taldea zan, eta taldetxu horretan zentrauko dogu omenaldia, eurak izan ziralako Korrikaren sorreran buru-belarri ibili ziranak.


8.- Korrikaren atzean arrazoi nagusi bi dagoz: Euskerearen aldeko aldarria zabaltzea eta AEKrako dirua batzea. Alde horretatik beharrizanak edo egoerea aldatu dira 1980tik hona?

Horreek helburu biak, sustapenezkoa eta ekonomikoa, hasikeratik euki ditu Korrikak. Gaur egun, bizi-bizirik dagoz alde biak. Sustapenaren arloan asko dago egiteko eta, zoritxarrez, helburu ekonomikoa be badau Korrikak oraindino. Helduen euskalduntzea ez dago normalizauta, ganera hiru administrazinotan banatuta gagoz eta bakotxak jarrera bat dauka: EAEn normalkuntzarako pausuak egin dira, baina ez dira nahikoak. Nafarroan, azken urte biotan hasi gara argi pixka bat ikusten eta Iparraldean asko dago egiteko, baina badagoz dirulaguntzak. Sortzaileei esan izan bageuntse 37 urte geroago holan egongo ginala, sinestu be ez eben egingo. Baina oraindino asko dago egiteko, eta alkarregaz egiteko lana da.


9.- Korrikak gero eta gehiago lantzen dau alkarlana beste eragile batzukaz. Horri esker jaio dira Korrika Kulturala eta Korrika Txikia. Halako ekimen paraleloek zer aportetan deutsie Korrikaren ideari?

Guk uste dogu, Korrikaren mezua, leloa eta helburuak ahalik eta gehien zabaltzeko ahalegina egin behar dala. Horregaitik ibiltzen gara errondak egiten, eragileakaz batzartuaz, Korrika zer dan azaltzeko. Korrika Txikiak balio dau, ganera, gure mezua umeen artean zabaltzeko. Unidade didaktikoa be badaukagu, Ikastolen Alkarteagaz batera landutakoa. Korrika Kulturalak, gure mezua zabaltzeaz gan, aukerea emoten deutse Euskal Herriko sortzaileei euren lana erakusteko. Korrikaren aldarria eremu guztietara heltzea da gure asmoa.


10.- Korrikaren leloa BatZuk da. Ze idea zabaldu nahi dozue horregaz?

Batzuk berbeak euskeraz zer esan nahi dauen badakigu. Orduan, guk berba hori disekzionau dogu: Bat geu gara, euskeraz bizi garenok, euskal kulturatik edaten dogunok... Zuk dira gure inguruan dabizan guztiak, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, errumanieraz eta abar berba egiten daben horreek. Guk Zuk horreekaz nahi dogu gure kulturea, hizkuntzea mundua partekatu eta, bide batez, eurena be ezagutu. Mezu inklusiboa da, Zuk horreek Bat izatea lortuko bagendu, Batzuk bihurtuko ginateke, eta, kasu honetan, batzuk asko da.


11.- Otxandion hasiko da Korrika aurten, eguenean. Zer dala eta aukeratu dozue Otxandio?

Ez dago arrazoi jakinik. Guk badogu idatzi bako arau bat: Korrika amaitzen dan herrialdean hasiko da hurrengo Korrika. Eta aurreko Korrika Bilbon amaitu zanez, ba Bizkaira jo dogu aurtengoaren abiapuntuaren bila. Bizkaitik hainbat proposamen jaso genduzan eta Otxandioren alde egin genduan, egokiena dalakoan.


12.- Aurten nahiko berandu dator Korrika, Aste Santua be berandu datorrelako. Apiril hasikeran eguraldi hobea egoteko aukerea dago, horrek jente gehiago erakarriko dauela uste dozu?

Ba, egia esan, ez dot uste fetxek eragina daukienik. Aurten, ordua aldatu da Korrika hasi baino egun batzuk lehenago, aurreko Korrikan neguko ordutegiagaz ibili ginan. Beraz, arratsaldean eguzki-argi gehiago izango dogu, baina ez dot uste jente kopuruan igarriko danik. Azken finean, Korrikak ibilbide bat dauka, eta jentea zain egoten da. Lekukoa bere ingurura heltzen ikusten dauenean, jentea emozionau egiten da, negar egiten dau, barre...


13.- Martiaren 30etik apirilaren 9ra, Euskal Herri guztitik ibiliko da Korrika. Jenteari parte hartzeko deia bialdu beharko jako...

Bai, nik jenteari eskatuko neuskio errepidera urteteko, Korrikan parte hartzeko modu asko dagoz. Arineketan ibili nahi ez dauenak, espaloitik txalo egin leike. Korrikari babesa gertu behar jako, han inguruan egon, irribarre bategaz euskerearen aldeko aldarria zabaldu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu