Hirugarren nobelea plazaratu dau Juanjo Olasagarrek, 'Poz aldrebesa'

Bizkaie! 2017-03-24 10:10   Kulturea

19 urtez bikote izan diran gizon biren inguruko liburua da Poz Aldrebesa (Susa). Juanjo Olasagarrek argitu dauenez, gaytasunetik egindako nobelea da, baina ez da nobela gay bat.

Errealidadearen ganean gogoetea eta analisia egiteko tresna aproposa begitantzen jako fikzinoa Juanjo Olasagarreri. Horregaitik, Donostian egindako aurkezpenean, nobela bat idazteko gogoa izan dauela azpimarratu dau. Holan sortu da Poz aldrebesa, 400 orri inguruko liburua. Iñigo Lamarca EAEko ararteko ohia liburuaren aurkezpenean egon da, Olasagarreren alboan.

Gizon bi dira nobelako protagonista nagusiak, Ixi Iminizaldu eta Joseba Aldaz. Bikotea izan dira 19 urtean, baina euren harteko hartu-emona ez dago unerik onenean orain. Belaunaldi jakin bateko gizon homosexual biren begietatik kontau nahi izan dau idazleak istorioa. Halandabe, beste pertsonaia asko be badagoz nobelan eta batzuek pisu handia daukie kontaketan. Bilbon, Iruñean eta San Frantziskon jazoten dira liburuko pasarte gehienak. 1992tik 2015era bitarteko pasarteak dagoz, gitxi gorabehera.

Olasagarrek berak dinoanez, gay batzuen gorabeherak dira istorioaren ardatza eta, horren bidez, gai ugariren inguruko analisia egin dau. Gaytasunetik egindako analisia da. Nortasun horretatik gai unibersalagoak lantzea izan da asmoa, horregaitik, ez da nobela gay bat, zentzu zorrotzenean behinik behin.

Esaterako, maitasunak eta sentimenduek pisu handia daukie kontaketan. Literatura tradizionalean emakumeei lotu izan jaken horreek ezaugarriak eta gizonen mundura eroan nahi izan ditu Olasagarrek. Izenburuaren bidez, bestetik, zoriontasunaren inguruko hausnarketea egin nahi izan dau.

Nortasunaren edo indentidadearen inguruan bueltaka dabilen nobelea da Poz aldrebesa, autorearen beraren ibilbidearen pare. Izan be, 2004an plazaratutako Ezinezko maletak lehenengo nobelearen osogarritzat jo leiteke Poz aldrebesa. Orduko haretan, identidade nazionalaren inguruko gogoetea egin eban eta, oraingoan, bestelako identidade batzuk jarri ditu erdigunean.

Bizitzearen alde onak eta txarrak erakutsi ditu, azken finean, Juanjo Olasagarrek bere hirugarren nobelan. Pasarte askok tonu garratza daukien arren, ikutu alai bat be nabarituko dau irakurleak. Bizitzea miseria izan leiteke, baina horren barruan dagoan poztasuna agertzen ahalegindu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu