Politikearen eta artearen arteko hartu-emonak Euskadin aztertu ditue
2017-03-23 09:28 KultureaPolitikeak euskal kulturearen adierazpenetan izan dauen eraginaren inguruko zenbait adituren hausnarketak jasoten ditu Autonomía e ideología: tensiones en el campo cultural vasco liburuak.
Gatazka politikoa epe luzean zehar eta eten barik indarrean izan daben Europako herrialde horreetako bat izan da Euskal Herria eta gatazkeak bizitza sozial eta ekonomikoaren alderdi guztietan eragin dau. Tensino politikoko prozesu luze horregaz bat euskal literaturearen eta kulturearen garapena izan da.
Zeintzuk izan dira politikeak Euskadin, kulturan izandako eraginak? Zelan islatu dira tensino ideologiko horreek arte, literatura, zinema edo kirolean? Horrexek dira Autonomía e ideología: tensiones en el campo cultural vasco liburuak erantzun nahi dituan galderak. Iberoamericana-Vervuertek editau eta UPV/EHUko literatura katedradun Jon Kortazarrek koordinau dauen liburukiak Laida Literatura eta Identitatea Ikerketa Taldeari loturiko hamar bat irakasle eta ikertzaileren ekarpenak batu ditu.
Kortazar irakasleak lanaren hitzaurrean nabarmendu dauenez, liburuaren jatorria literatura eta nazionaren arteko hartu-emonen inguruko hausnarketea izan zan. Hausnarketa hori zabalduz joan zan denporearen porasuz, beste kultura eta kirol adierazpenak alde batetik eta, bestetik, sorkuntza artistikoan eragiten daben osogai ideologikoak (nazino mailaz haragokoak bere) sartuz bere azterketan.
Liburukiak azken mendetako euskal kulturearen oinarrizko osogaiak jorratzen ditu: euskerazko literaturearen garapen aitagarria; Txomin Agirre, Gabriel Aresti, Txillardegi edo Bernardo Atxaga lako egileen lana; arte plastikoen mobimentuak XX. mendeko momentu desbardinetan; futbolak euskal nortasunaren ikur lez izan dauen zeregina; edo azken urtetako euskal zinemagintzearen erantzun itzela (Ocho apellidos vascos, esaterako).
Liburukia koordinau dauen Jon Kortazarren azterketeagaz batera, ondoko egileen ekarpen bereziak ikus daitekez: Anton Figueroa, Karlos del Olmo, Miren Billelabeitia, Tomas S. Harrington, Ismael Manterola, Paulo Kortazar, Ander Delgado, Ekain Rojo-Labaien, David Colbert Goicoa eta Itamar Even-Zohar. Nabarmentzekoa da UPV/EHUri lotuta dagozala gehienak.
Liburua gaur aurkeztuko dabe, martiak 23, 18:30ean, Elkar liburudendan (Iparragirre 26, Bilbo). Barriketaldian parte hartuko dabe Jon Kortazar editoreak eta Kirmen Uribe idazleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!