Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak umeentzako marrazki lehiaketea antolatu dau
2017-03-21 08:36 KultureaUra berrerabiltearen eta ez kutsatzearen inguruko marrazkiak bialdu leikiez 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilek, apirilaren 30era arte.
Hirugarren urtez antolatu dau Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak eskola-umeentzako marrazki lehiaketea, uraren erabilera egokiaren inguruko sensibilizazinoan eragiteko asmoz. Aurten, batez be, saneamenduaren eta hondakin-urak araztearen garrantzia azpimarratu nahi dau Partzuergoak lehiaketearen bidez, jasangarritasunerako eta osasunerako ona dalakoan.
Lehiaketan aurkeztutako marrazkiek gai biren ingurukoak izango dira: Nik ura berrerabilten dot eta Nik ez dot ura kutsatzen. Ikuspegi positibo batetik, ura berrerabilteko egin geinkezan gauzak agertu beharko ditue umeek marrazkietan, eta ur-iturriak jagoteko hartu leitekezan neurriak erakutsi.
Apirilaren 30era arteko epea daukie 6 eta 14 urte bitarteko umeek euren marrazkia bialtzeko, bakotxak bat. A4 formatuko lanak izango dira, teknika librean eginak. Bide digitaletik bialdu behar dira marrazkiak, helbide honetara: dibujos@consorciodeaguas.eus
Aurkeztutako marrazki guztien artean, epaimahaiak hiru finalista aukeratuko ditu kategoria bakotxean. Hiru kategoria izango dira: 8 urtera arte, 9-11 urte eta 12-14 urte. Maiatzean emongo dabe finalisten barri eta bagilaren 4an, Uraren Jaian, banatuko deutsiez sariak. Tabletak, jolas digitalak, material didaktikoa eta abar dagoz sarien artean.
Lehiaketara aurkeztutako marrazkiak Ur Partzuergoaren webgunean ikusgai egongo dira. Modu horretara, neska-mutilek egindako lana erakusteaz gan, uraren erabilera egokiaren inguruko gogoetea zabaldu nahi da ume eta helduen artean.
Aurtengo gai nagusia, Hondakin-urak, bat dator Nazino Batuen Erakundeak 2017ko Uraren Nazinoarteko Egunerako aukeratutakoagaz. Bihar, martiak 22, izango da egun hori. Munduan gizakiek erabilitako uraren % 80 ekosistemara bueltan doa tratamendurik jaso barik edo berrerabili barik. Ganera, 1.800 miloe lagunek kutsatutako iturburuak erabilten ditue eta, horrek eragindako gaixotasunakaitik, 800.000 persona baino gehiago hilten dira urtean. Horregaitik, ezinbestekoa da kontzientzia zabaltzea eta prebentzinoan sakontzea. Hondakin-uren tratamendu egokia beharrezkoa dala uste dau NBEk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!