Bilbao BBK Live jaialdiak Kobetan izango diran beste 16 talderen barri emon dau

Bizkaie! 2017-03-16 13:36   Musikea

Egunez eguneko kartela be aurkeztu dabe BBK Live jaialdiko antolatzaileek. Garagarrilaren 6tik 8ra izango dira kontzertuak.

Cage The Elephant taldeak Bilbao BBK Live-n joko dau | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arte baieztauta egon diran taldeez gan, beste 16 egongo dirala aurreratu dau Bilbao BBK Live-k, baita beste bost DJ be. Spoon, Cage the Elephant, Xoel Lopez, Austra, Gus Gus, Jessy Lanza, Circa Waves, The Lemon Twigs, The Orwells, Anímic, Carla Morrison, Kokoshca, Los Bengala, The Amazons, Vulk, Naranja eta Biznaga dira horreek taldeak.

Spoon bandako musikariak ezagunak dira indar handiko kontzertu katartikoak emoteagaitik, antolatzaileen esanetan. Taldearen eraginen artean 1960ko hamarkadako psikodelia zein Pixies taldeko noise pop-a dagoz. Rock musikagileak dira Cage the Elephant taldeko kideak be, energia hutsa agertokiaren ganean. Euren soinuak rock klasikoaren, funkaren, bluesaren, punkaren eta rock alternatiboaren eragina dauka.

Xoel Lopez Espainiako artistarik nabarmenetako bat dala dinoe BBK Liveko arduradunek. Pop-rock estilorik alternatiboenaren eta folk klasikoaren artean ibilten da. Austra talde elektronikoak, ostera, estudio-disko bategaz hasi dau 2017a, Future Politics. Ontarioko musikariek Bilboko jaialdian aurkeztuko dabe lan hori. Gus Gus talde islandiarra elektronikako talde beteranoa da. Techno, trip-hop, house, progressive eta pop estiloak jorratzen ditu.

Sintetizadore flotatzaileak, house, dubstep eta 80ko hamarkadako rock estiloak nahasteagaitik ospea lortu dau nazinoartean Jessy Lanzak, Oh no izeneko albumagaz. Circa Waves, aldiz, martian salgai jarriko dan Different Creatures disko barria besapean helduko da Bilbora.

The Lemon Twigs taldea neba-arreba bik osotuten dabe; besteak beste, The Beatles, The Zombies eta Brian Wilson banden eragina daukie, eta azken talde horregaz joko dabe BBK Live jaialdian. The Orwells taldeko kideek dinoe Chicagoko garage-punk estiloko bandarik hooligan-ena dirala. Taldekide guztiak 25 urte baino gazteagoak dira, baina herrialde ugaritan jo dabe.

Anímic bandeak Louise Sansom britainiarraren ahots ozena dauka, eta atera barri dan Skin diskoa aurkeztuko dau. Carla Morrison Mexikoko indie artistarik arrakastatsuena da. Eszenatik kanpo tarte baten egon ostean, 2015ean bueltau zan. Kokoshca bandeak, bestetik, urteak daroaz komunikabide espezializaduen laudorioak jasotzen. Zaragozatik datoz Los Bengala izenekoak, zarata handia eragitea gustoko dauen bikotea.

The Amazons taldeak riff altuak eta rock sendoa ekarriko ditu Bilbora. Vulk-eko kideak bilbotarrak dira eta Beat kamerlanden izeneko album barria aurkeztuko dabe Kobetan. Era berean, Naranja taldea egongo da Bilbao BBK Live-n, bere power-pop fresko zein distiratsuagaz. Amaitzeko, Biznaga taldeak punkaren bat-batekotasuna eta 80etatik hurrago dagoan indie-rockaren sen melodikoa buztartzen ditu.

Horreek talde guztiak Kobetan izango dira eta, gauak girotzeko, beste bost DJ be ekarriko ditue: Marc Dorian DJ set, Dani Less DJ, b2b Dark DJ, David Van Bylen DJ eta JotaPop DJ.

Bilbao BBK Live jaialdia garagarrilaren 6tik 8ra egingo da, Kobeta mendiko landetan. Egunez eguneko egitarauaren barri emon dabe antolatzaileek. Lehenengo egunean, hilaren 6an, Depeche Mode izango da kartelburu, Justice eta The 1975 ahaztu barik.

Garagarrilaren 7an, barikua, The Killers izango da talderik aitagarriena, eta beste kartelburu batzuk Phoenix, Fleet Foxes eta Royal Blood dira. Amaitzeko, hilaren 8an, Die Antwoord, Two Door Cinema Club eta Brian Wilson taldeek joko dabe.

Eguneko sarrerak salgai jarriko dira astelehenean, martiak 20, goizeko 11:00etan. Hasikerako eskaintzearen prezioa 45 euro izango da, gastuak kontuan hartu barik (eta 5 euro gehiago kanpinera sartu nahi dauenak). Apirilaren 3an, prezioa igon egingo dabe antolatzaileek eta 50 eurokoa izango da, gastuak eta kanpina kontuan hartu barik. Hil horren 17an, barriro igongo da prezioa, 55 eurora.

Behin betiko egitaraua, egunez egun:

Eguena, garagarrilak 6
Depeche Mode - Justice - The 1975 - Austra - Cage The Elephant - Spoon - Xoel Lopez - Cabbage - Circa Waves - Gus Gus - Idles - Niña Coyote eta Chico Tornado - Vulk - Zazkel - David Van Bylen.
Basoa: Dixon - The Black Madonna - Mike Servito - Honey Soundsystem - Baldo.

Barikua, garagarrilak 7
The Killers - Phoenix - Fleet Foxes - Royal Blood - Explosions In The Sky - Animic - Carla Morrison - Coque Malla - Jessy Lanza - Joe Goddard Live - The Orwells - Los Punsetes - Sundara Karma - The Amazons - Daniless B2B Dark DJ.
Basoa: Daphni - DJ Tennis - Marvin & Guy - Nicola Cruz - Bawrut.

Zapatua, garagarrilak 8
Die Antwoord - Two Door Cinema Club - Brian Wilson - Aterciopelados - Los Bengala - Biznaga - Dellafuente & Maka - Kokoshca - The Lemon Twigs - Naranja - Jotapop - Marc Dorian DJ Set.
Basoa: Motor City Drum Ensemble - Andrew Weatherall - Job Jobse - Lena Willikens - Javi Green.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu