Enkarterri/Ezkerraldeak irabazi dau BBK Txapelketako bigarren kanporaketea
2017-03-14 13:38 BertsolaritzeaIgorreko institutuan jokatu da saioa goizeon, Arratiako eta Enkarterri/Ezkerraldeko bertsolari gazteen artean. Kanpokoek lortu dabe puntu gehien.
Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako lehenengo kanporaketea puntu erdiko aldeagaitik irabazi eban Busturialdeak aurreko astean. Gaur Igorren jokatutako saioan, ostera, alde zabalagoa egon da seikote bien artean, epaileek emondako puntuazinoan behinik behin. Izan be, Enkarterri/Ezkerraldeko gazteek 369,5 puntu lortu ditue eta Arratiakoek, 296,5.
Etxeko taldean, Arratiakoan, honeek bertsolariak izan dira oholtzan: 18 urtera arteko kategorian, Maria Atutxa, Amaiur Atxa eta Paule Corbacho; 24 urtera artekoetan, Maddi Zabalo, Aritza Orue eta Lurdes Ondaro.
Ekarterri/Ezkerraldeko taldean, ostera, honeek izan dira sei bertsolariak: Xabier Mardones, Eneko Elordui eta Irene Ezkurra gazteetan; eta Leire Portuges, Maialen Ruesgas eta Lierni Errekondo nagusietan.
Itxaro Juaristi izan da saioko gai-jartzailea. Epaimahaian, Juanjo Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Miriam Juaristi egon dira, eta Ione Narbaiza idazkari.
Honenbestez, Enkarterri/Ezkerraldeko taldeak finalaurrekoak jokatuko ditu. Hilaren 24an izango da BBK Txapelketako lehenengo finalaurrekoa, Zallan (10:00). Bertan izango dira Enkarterri/Ezkerraldeko eta Busturialdeko seikoteak. Joan dan asteko kanporaketan lortu eban txartela Busturialdeak.
Bertsolari Gazteen BBK Sariketako hurrengo kanporaketea bihar, eguaztena, jokatuko da Sopelako Ander Deuna ikastolan. Uribe Kosta eta Hego Uribe eskualdeetako taldeek kantauko dabe, martiaren 28ko finalaurrekorako txartela eskuratzeko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!