Giza eta Gizarte Zientzien arloko Uztaro aldizkaria 100. zenbakira heldu da
2017-03-13 10:44 KultureaBihar, martiak 14, jaia ospatuko dabe Bilboko Kafe Antzokian, zenbaki biribil hori dala eta. 1990ean sortu zanetik, 500 artikulu baino gehiago plazaratu dira Uztaron.
UEUk bultzatuta, 1990ean hasi zan Uztaro aldizkariaren ibilbidea eta, 27 urte geroago, 100. zenbakira heldu da, aste honetan aterako dan aleagaz. Giza eta Gizarte Zientzietako euskerazko artikuluak argitaratu ahal izateko helburuagaz sortu eban UEUk Uztaro. Holan, alor horretan dabizan adituei euren lanak plazaratu ahal izateko tresnea eskaintzen jako, maiztasun jakin bategaz eta kalidadeagaz lotutako erespideak ahaztu barik.
Ehun zenbakiotan, Uztaron 773 autorek parte hartu dabe eta 500 artikulu baino gehiago argitaratu dira, UEUren datuen arabera. Plazaratzen diran testu guztiak adituek gainbegiratzen ditue. Honeek dira Uztaroren jardunaren lau zutabe nagusiak, goi mailako aldizkaria bermatzeko bidean:
-Edukiaren kalidadea jagotea. Horretarako, adituen kontrol lana dago (iragazki bi), artikuluak onartzeko.
-Euskerearen zuzentasuna lantzea, ulergarritasuna eta hiztegiaren estandarizazinoa kontuan hartuta.
-Bibliografia, aitamenak, letra tipoak eta abar zehazteko arauak ipintea.
-Aldikotasun zehatza izatea: Urtero 500 orrialde kaleratzen dira, lau zenbakitan.
Ehun zenbakitara heldu izana lorpen handia da, bai Uztarorentzat eta baita euskal ikerlarien komunidadearentzat be. UEUk dino Uztaro bere alorreko erreferentzia bihurtu dala. Horregaitik, ospatzeko tartea hartuko dabe: Bihar, martiak 14, arratsaldeko 18:30ean, ekitaldia egongo da Bilboko Kafe Antzokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!