Gurpil-aulkiko saskibaloiko nazinoarteko lehiaketa bat, lehenengoz Bilbon

Bizkaie! 2017-03-09 12:38   Kulturea

Euroligako moltsoen fasea Txurdinagako kiroldegian jokatuko da, barikuan eta zapatuan. Bilboko Bidaideak atzerriko taldeen kontra lehiatuko da.

Bilboko Udaleko eta Bidaideak klubeko ordezkariak, udaletxean egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arte, sekula be ez da jokatu, gurpil-aulkiko saskibaloian, nazinoarteko partidu ofizialik Euskal Autonomia Erkidegoan. Bidaideak BSR klubaren 25. urteurrenagaz bat eginaz, martiaren 10ean eta 11n, Europako talde onenetako batzuk Bilbon ikusteko aukerea egongo da. Euroligako moltsoen faseko partiduak izango dira (D moltsokoak hain zuzen).

Parte-hartzaileetako bat etxeko taldea, Bidaideak, izango da. Euroliga irabazteko faboritoetako bat da Bilboko taldea, baina kontinenteko talde onenei aurre egin beharko deutse helburu hori bete ahal izateko. Txurdinagako kiroldegian jokatuko dan fasean, Errusiako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Suitzako taldeak izango dira bilbotarrakaz batera. Egun bian bederatzi partidu jokatuko dira.

Bilbon jokatuko dan moltsoko irabazleak finalerako txartela eskuratuko dau. Finala Okzitaniako Tolosan jokatuko da. Bidaideakegaz batera, Errusiako Bkis Nevsky Alliance da finalera heltzeko faboritoa, gaur egungo Errusiako txapelduna. Moltsoko beste taldeetako bat, Ingalaterrako London Titans, bilbotarren aspaldiko ezaguna da, alkarren kontra jokatu ebelako orain dala urte biko edizinoan. Beste talde biak Frantziako Tregorrois Lannion eta Suitzako Les Aigles de Meyrin dira.

Bidaideak BSR-k hirugarren adiz parte hartuko dau Euroligan. Igaz Challenge Cup-eko finala jokatu eban Bosnia-Herzegovinako Banja Luka urian (Albacetek irabazi eutsan) eta, beraz, bilbotarrak Europako talde sendoenetako bat dirala esan leiteke. Nazinoarteko jokalaridun lantalde orekatua dauka Bidaideakek, tartean 2016ko Joko Paralinpikoetan dominak irabazitako lau.

Bariku goizean hasi eta zapatu arratsaldera arte, bederatzi partidu jokatuko dira. Moltsoko talde guztiek alkarren kontra jokatuko dabe eta garaipen gehien lortzen dituanak lortuko dau finalerako txartela. Publikoa doan sartu ahal izango da Txurdinagako kiroldegian.

Bidaideaken partiduak honeek dira: Barikuan Bkis Nevsky Alliance-ren (11:15ean) eta Tregorrois Lannion-en (18:00) kontra; zapatuan, Les Aigles de Meyrin (11:15) eta London Titans (18:00) izango dira aurkariak.

Bilboko udaletxean egin dabe Euroligako moltsoen faseko aurkezpena, uriarentzat ekitaldi horrek daukan garrantziaren erakusle. Kirolagaz lotutako hitzordu nabarmena da eta etxeko talde bat dago parte-hartzaileen artean. Baina horrezaz gan, Bilbok nazinoarteko ekitaldiak erakartzeko daukan gaitasunaren erakusgarri be bada, Udalaren arabera. Ezin da ahaztu, era berean, gurpil-aulkiko saskibaloia bultzatuta, mobikortasun arazoak daukiezenen integrazinoaren eta errekonozimenduaren alde egiten dala. Horregaitik guztiagaitik, Juan Mari Aburto alkatea bariku goizean Txurdinagan izango da, partiduak ikusten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu