BBKren udalekuetan izena emoteko epea zabalik dago

Bizkaie! 2017-03-09 08:52   Kulturea

Urdaibaiko Biosferearen Erreserban dagoan egoitzara joateko 1.200 plaza dagoz. Apirilaren 6ra arte emon leikee izena zazpi eta hamahiru urte bitarteko neska-mutilek.

Urte askoan antolatu ditu udako egonaldiak BBK-k Urdaibaiko egoitzan. Aurten be horretarako aukerea zabaldu dau. Bagilaren 26tik abuztuaren 12ra bitartean, seina eguneko zazpi txanda antolatuko dira, 1.200 plaza guztira. Sei txanda euskera hutsean izango dira eta zazpigarrena, elebiduna.

BBK-k azaldu dauenez, zazpi eta hamahiru urte bitarteko gaztetxuek parte hartu leikee udalekuetan, hau da, 2004 eta 2010. urteen artean jaiotakoek. Banketxearen webgunean sartu eta BBK eta Zu atalean erregistroa egin beharko dabe izena emon nahi daben umeen gurasoek. Aurtengo urterako barrikuntzea da webgunearen tresna hori. Horren barruan badago udalekuei eskainitako atal bat eta handik egin leiteke inskripzinoa.

Asteon bertan hasita, apirilaren 6ra arteko epea dago izena emoteko. Maiatzaren lehenengo hamabostaldian jakin eragingo jake familiei euren umeek udalekuetan lekua daukien ala ez. Urdaibain egonaldia egingo dauen ume bakotxak 182 euro ordaindu beharko ditu.

BBK-k antolatzen dituan astialdiko ekintzen artean, udalekuak dira arrakastatsuenetako bat. 1960ko hamarkadatik antolatzen dira. Banketxearen esanetan, gaur egun erreferente bihurtu da jarduera hori, gizartearen eta hezkuntzearen alorretan dauen eraginari esker.

Urdaibaiko Biosferearen Erreserbearen barruan, itsasadarretik hur, dagoan egoitzeari esker, udalekuetako parte-hartzaileek natureagaz bizi izaten ikasiko dabe eta alkarbizitzea lantzeko programea landuko dabe. Besteak beste, piragua, itsasontzietako paseoak, tailerrak eta ibilaldiak egiingo ditue.

Udalekuen eskaintzearen ganeko informazino gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu